“Gipuzkoan azpiegitura lan handiak geldiarazteko eta jendarte ereduaren aldaketa baten beharra aldarrikatzeko” ekimenak egingo dira Oarsoaldean, Tolosan, Debagoienan eta Donostialdean. Ekintza egitaraua zabala aurkeztu dute hainbat eragilek eta Lasarte-Orian ere izango da ekimen hauetako bat.
Igandean, urtarrilaren 15ean, “Proiektu txikitzaileen aurkako Mendi Martxa” egingo da Lasarte-Oriatik abiatuta Zubieta mendi eta Buruntzara, makro-espetxea, errauskailua, Buruntzaldeko harrobiak eta AHT proiektuak salatzeko helburuarekin. Mendi martxa goizeko 10:00etan abiatuko da Okendo plazatik eta lau orduko iraupena izatea espero dute antolatzaileek. Bidean elkartu nahi dutenentzat bigarren hitzordu bat ere ezarri dute, 11:30ean Oriako elizan. 14:00-15:30 bitartean bazkaria egingo da Buruntzako San Roke aterpean, salda egongo da parte hartzaileentzat baina janaria etxetik eramatea eskatzen da. Mendi buelta egin ostean eta ekimenari amaiera borobila emateko, 16:45ean trikitilariekin kalejira egingo da Oriako elizatik herriko erdiguneraino.
Antolatzaileek igandeko ekintzan parte hartzeko deia zabaldu nahi izan diete lasarteoriatarrei baita otsailaren 4ean Donostian egingo den manifestazioan egoteko ere. 17:30ean abiatuko da manifestazioa Boulevardetik eta honek itxiko du Gipuzkoako txoko ezberdinetan antolatutako ekintza egitaraua.