Parte-hartze batzordea lanean da

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urtarrilaren 12a

Lasarte-Oriako PSE-EEk, Udalbatzarrean egindako galderari eta lehengo astean honek komunikabideetara bidalitako oharrari erantzunez, parte-hartze saileko buruak, Alaitz Mendizabalek adierazpenak egin ditu.
“Demokrazia ez da, gure ikuspegitik, herritarrek lau urtetan behin botoa ematea eta kito, demokrazia herritarrek kontu kolektiboetan egun guztietan parte-hartzeko eskubidea eta aukera izatea da. Beraz, parte-hartzearen kontzeptua izango da, dudarik gabe, Bilduk defendatuko duen politikaren ardatza,” azpimarratu du.
Gauzak honela, batzordea eratu eta martxan jartzeko pausuak eman direla adierazi du.
“Parte-hartze Batzordea sortu eta badakigu hutsetik abiatzen garela; horregatik hain zuzen, hutsetik sortzen diren gauza askotan bezala, lanketa sakon bat behar da oinarri sendoak jarri eta gerora begira eraginkorra izan dadin. Langintza honetan aritu gara eta emaitzak berehala hasiko dira ikusten” jakin arazi du.

Baliabideak

Bestalde, aurreko urtean, batzorderik ez zegoenez, baliabide ekonomikorik eta pertsonalik ez zutela gogoratzen dio PSE-EEri, “une honetan, teknikari baten beharra ezinbestekoa delarik, pertsona bat kontratatu da sei hilabetetarako, urtarrilean lanean hasiko dena, eta, aldi berean, diru partida bat sartuko da aurrekontuetan”.
Eta pausu hauek guztiak emanda, hilabete honetan bertan lehenengo batzordea egingo dela aurreratzen du.

Ekintzak

Hau guztiaz gain, PSE-EEri gogora arazten dio, Lasarte-Oriako Udalak aurkezpen ekitaldia egin zuela herritarren aurrean Manuel Lekuona kultur-Etxean lehenengo aldiz, eta “hau urrats garrantzitsua dela”.
Era berean inauteriak antolatzeko egiten ari diren bilerak, bai egitaraua adosteko, eta baita diru laguntzak nola banatu adosteko ere, aipatzen ditu.

Denborarik ez aurten

Azkenik, aurrekontuak eta ordenantzak parte-hartze prozesu baten bidez gauzatu ezin izan direla onartzen du, “hasi berriak gara eta Udalaren egoerak konplexuak dira”.
Baina, datorren urteari begira gobernuaren nahia bestelakoa dela azpimarratzen du. Izan ere, “informazioa zabalduz eta konpartituz askoz prestatuagoak egongo gara bai gu eta bai herritarrok gai hauek parte hartze prozesu bidez aurrera eramateko”.
Eta horretarako, Udal gobernuak herritarrekin elkarlanean aritzeko behar diren baliabide guztiak jarriko dituela ere aipatzen du.