Saharara bidaltzeko elikagaien bilketa abian da Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urtarrilaren 12a

Lasarte-Oriako Sahara Herriaren Lagunak taldeak aurten ere, Euskal Karabanarako elikagai bilketa jarri du martxan. Urtarrilaren 20ra arte, Lasarte-Oriako eta Añorgako ikastetxeetan eta herriko supermerkatu guztitan elikagaiak biltzeko guneak egongo dira. Hauetan, arroza, azukrea, lekadunak, sardinak, atunak eta konpresak bildu nahi ditu elkarteak Saharako errefuxiatuen kanpamentuetara bidaltzeko.
Txema Benito elkarteko kideak, Sahal Hamidaoui Lasarte-Orian bizi den sahararrak eta Pablo Barrio alkateak agerraldia egin zuten ostegun eguerdian elkartasun kanpaina aurkezteko. Dagoeneko aurten zortzigarren urtez bidaliko da karabana Saharako herriak pairatzen duen elikagai eskasia nolabait arintzen laguntzeko helburuarekin, Txema Benitok jakinarazi zuenez: "aurreikuspenen arabera ACNUR-en bitartez 80.000 pertsona elikatzeko janaria jasotzen dute kanpamenduetan baina egun hauetan 200.000 biztanle inguru dira, bertan lan egiten duten elkarteen datuen arabera, eta beharrezkoa dute laguntza".

Elkartasunerako deia

Euskal karabana otsaila bukaeran abiatuko da eta behin Tindoufera iritsi eta gero, Saharar Ilargi Erdi Gorria arduratuko da elikagaiak kudeatu eta banatzeaz.
Bestalde, Lasarte-Oriako udalaren izenean Pablo Barrio alkateak horrelako ekimenek duten garrantzia azpimarratu zuen eta herritarrak ahal duten neurrian kanpainarekin bat egitera animatu nahi izan zituen.
Herriko guneez gain, otsailaren 4ean egun osoz Sahara Herriaren Lagunak taldekoek Urbil merkatal gunean bilduko dituzte elikagaiak. Iaz guztira bi tona elikagai bildu zen Lasarte-Orian eta aurten ere, krisia medio, kopuru horretara iristea da elkartearen helburua. Euskaditik 400 tona inguru bidali izan dira aurreko urteetan Saharara.
Ekimen honetan parte hartzeko beste modu bat diru laguntza ematea da, 3035 0080 94 0800054177 kontu korrontea zabaldu du taldeak dirua eman nahi dutenek laguntzeko aukera izan dezaten. Bildutako diruarekin besteak beste, Euskal Karabanako elikagaiak garraiatzeko beharrezkoak diren bigarren eskuko kamioiak erosiko dira. Honetarako bideratuko da ere zenbait udaletxek emandako diru laguntza: "kamioiak han geratuko dira Sahararren Garraio Ministerioak erabil ditzan". •