Abenduko krisia

unai-munoa 2012ko urtarrilaren 12a

Trago garratzen topaketak dira askorentzat Gabonak, topakeriaz beterikoak, behartutako irribarrez apainduriko elkarrizketa superfizialen antzerkia, kontsumoaren sarean korapilatuta islatzen gaituen eskaparate gordina. Nor bere txanpain kopako burbuilen barruan isolatuta, zeharka ikusten dugu etxekoen arteko ezin ulertuak eta amorrua estaltzen dituen langostino eta azpizunezko ukendu hipokrita…
Aurten apenas zintzilikatu dute bonbillatxoz osaturiko kandelarik, pinurik edo zorion mezurik. Inoiz baino Eguberri ilunagoak sumatu ditut. Baina, koloretako argien ausentzia ote zen arrazoia? Edo gizartearen aldarte emozionalaren isla baino ez da? Bien arteko nahasketa, agian?
Langabezia, hipotekaren mamua, falta direnen nostalgia, iragarpen beldurgarriak… Europan estatu kolpe ekonomiko baten atarian gaudela esaten duenik bada, eta aurrerantzean, zerbitzu publikoen pribatizazioa, kontrol soziala, lan baldintza eskasak… eta halakoak izango omen ditugu eguneroko ogi, gezurrez eraikitako egi, alegia. Ez al da beldurra pertsona geldiarazten duen mekanismorik eraginkorrena? Ez ote gaituzte izuturik nahi? Zertarako, baina?
Baikorra izan nahi dut. Etorkizunari umorez eta esperantzaz begiratu nahi diot, plazerraren bidean. Maite ditudanei eta maite nautenei besotik heldu eta gustura biziko naizela sentitzen dut. Maitasunez elikatzen den ingurua sortu nahi dut, ondasun hori ezin baita hogei euroko dezimoekin erosi. Zergatik ez dugu langostinoak eta txanpain garestia ahaztu eta askoz merkeagoak diren bi hitz esaten ikasten? Maite zaitut. Gabonetako zelofanezko maitakeriak baino gehiago hurbilduko gintuzke elkarrengana.