“Ez nuen pentsatzen sekula erakusketarik egingo nuenik”

Nerea Eizagirre 2012ko urtarrilaren 12a

Naroa Arabiotorre 29 urteko hernaniarra da. Irunen Batxilergo artistikoa eta Urnietan diseinua eta ekoizpena ikasi zituen. Inprenta baten lan egin ostean, bere bizitzak ehun eta laurogei graduko buelta eman eta egun gozoki marka ospetsu batetako komertziala da. Margo erakusketa jarri du Jalgi Kafe-antzokian, “Zentzurik gabe” eta harekin bildu gara bere lanari buruz gehiago jakiteko.

Marrazkirako zaletasuna nondik datorkizu?
Aita delineantea zen. Eta txikitatik esaten zidan marrazten ikasi behar nuela. Olentzerotan margoak oparitzen hasi ziren eta gustua hartu nion.
Gero, urte asko egon nintzen margotu gabe, 6 urte edo izan ziren.
Eta duela bi urte berriro hasi nintzen. Hernanin ikastaro moduko batzuk daude, diruz lagunduak eta arratsaldez egiten direnak. Bertan hasi nintzen eta gaur arte.

Nola sortu zitzaizun erakusketa egiteko ideia?
Hernanin izan nuen erakusketa orain dela hilabete bat.
Ikastarora joan baino lehen taberna batera noa kafea hartzera. Bertan arratsalde batean lagun batekin nengoela tabernako neskak zerbait egiteko proposamena egin zidan. Eta nik baietza eman nuen.
Hau nire bigarren erakusketa da eta oso ilusionatua nago. Gainera, Jalgin oso polita geratu da.

Eta nolako harrera izan zuen Hernanin?
Ona. Gabonetan jarri nuen. Gozoki otar bat zozketatu genuen. Parte hartzen zuten pertsonek gustuko zuten koadroa aukeratu behar zuten eta haiei buruzko iritzia emateko aukera ere bazuten.
Oso pozik gaude jendeak erantzun zuelako. Nik ez nuen espero, baina 70 pertsonek erantzun zuten.
Gainera, pila bat ikasi dut. Zein aldetatik jo behar dudan erakutsi dit.

Zein teknika erabiltzen dituzu?
Olio margoekin hasi nintzen lanean ikastaroa hasterakoan. Beste teknika batzuk baino errazagoa da.
Gero probak egiten hasi nintzen spray-a, poliestireno itsatsia. Akrilikoetara pasa nintzen. Akuarelekin ere lan egin nuen. Baina ez zen ongi geratzen eta hori fondo bezala utzi eta olio antzekoa eman nion gainetik.
Azkenean, akrilikoekin egiten dut lan.

Zergatik akrilikoak?
Lehortzeko azkarra delako. Esku batetik bestera bi ordu edo ordu bete itxaron behar ditut.
Nire lanak formatu handikoak dira, ikastarora astean bitan noa, beraz, zerbait lehortzeko bost edo sei orduz itxaron behar badut denbora galtzen dut.
Etxean margotzen baldin badut ez daukat maisua ondoan eta ez dut ikasten eta denbora asko galtzen da.
Horregatik akrilikoekin egiten dut lan eta gainera, merkeagoak dira. Horrek ere badu bere garrantzia.

Jalgiko erakusketan zer ikusi daiteke?
Akriliko lanak, olio-margoekin egindakoak eta sprayekin. Bat badago spray eta errotuladoreekin egina eta bestea errotuladoreekin bakarrik, permanenteekin.

Abstraktua edo figuratiboa da zure lana?
Abstraktuak dira. Izenburua jarri behar niola esan zidatenean, “Zentzurik gabe” jarri nion.
Ez dakit zer esan nahi duten, askotan marrazten hasten naizen unean ateratzen dena da.
Gehienetan koloreak du garrantzia. Kolore kontrasteak.

Koloreek dute beraz, zure ustez, garrantzia...
Bai, horrela da. Serie handi bat egin nuen gorria, zuria beltza eta zilar-kolorearekin. Sei bat lan egin nituen eta gustukoenak ditut. Kontraste handia dute eta zerbait esaten dute.
Besteak, berdean daude, alaitasuna ematen dutelako.
Azkenekoak, marroixka eta laranja koloreekin egin ditut, hauek paisai antzekoak direlako.
Baina normalean kolore biziekin egiten dut lan eta beltzak garrantzia handia dauka.

Baina zerbait izan behar duzu buruan marrazten hasterakoan?
Normalean forma bat egin eta hortik ateratzen da ideia.
Azkeneko koadroa egin arte, zirriborro asko egiten ditut, sei edo zazpi.
Hori diseinutik datorrela uste dut, bertan garrantzia handia ematen zioten zirriborroak egiteari, lehenengo ideia ez zela ona eta hori borobildu egin behar zela.
Lehenengo zirriborroak marrak dira, ez da ideia bat, ez da zuhaitz bat. Marrekin hasten naiz eta hortik zerbait lortzen dut. Askotan nik ere ez dakit zer diren.

Zure lanak urte hauetan garapenik izan al du?
Ez nintzen hasi zerbait lortu behar nuela pentsatzen.
Berez, pixka bat galduta nengoelako hasi nintzen eta lagunduko zidalakoan.
Ez nuen pentsatzen erakusketa bat egingo nuenik. Ezta pentsatu ere. Orain bi egin ditut eta zoratzen nago.

Lanak erosteko aukerrik ba al dago?
Ez dut ezer jarri. Baina norbait interesatua baldin badago erosteko aukera dute. Nirekin jarri daitezke harremanetan naroaaa@gmail.com helbidean edo 669 528 436 telefonora deituz.
Lanak eskuragarri izan behar direla esan dut beti. Lana daukate noski, eta material horiek guztiek dirua balio dute.
Baina nahiago dut pertsona baten etxean egotea, nire etxean bata bestearen atzean egotea baino. Ongi bilduta ez baldin badaude apurtu ere egin daitezke.