Domina uzta handitzen ari dira LOKEko judokak

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urtarrilaren 13a

Abenduaren 17 eta 18ko asteburuan, LOKEko judo saileko lagunek bi txapelketa garrantzitsu izan zituzten eta dominak eskuratu zituzten bietan.
Batetik, larunbatean, abenduaren 17an, Espainiako koparen barruan dagoen Iruñeako nazioarteko txapelketa jokatu zen.
Honetan Asier Zubizarreta, Fermin Balda eta Oscar Garrido kadeteek parte hartu zuten eta azken honek, brontzezko domina lortu zuen.
Igandean, aldiz, Lezon senior mailako Euskadiko txapelketa izan zen eta bi domina eskuratu zituzten LOKEko gazteek.
Asier Sagastik bere mailako bigarren postua eskuratu zuen. Hiru borroka irabazi eta finalera iritsi zen. Baina ezin izan zuen honetan garaipena lortu.
Era berean, Mario Garridok brontzezko domina ekarri zuen herrira.
Gainera, Gorka Aristegi entrenatzaileak, Esteban Martinez judokaren bosgarren postua azpimarratu zuen, “egin zuen txapelketa oso ona izan zelako”.

Gerriko beltzak

Bestalde, LOKE judo saileko entrenatzaileak jakin arazi digunez, taldeak bi gerriko beltza berri ditu, Iñigo Matxain eta Josu Olmos.