Eneritz Busto atleta hirugarren izan zen Euskadiko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urtarrilaren 13a

Neguko edo pistako txapelketa denboraldia hasi da LOKEko atletismo saileko gazteentzat. Lehengo asteburuan, Euskadiko proba konbinatuetako txapelketa jokatu zen eta aste honetan, kadete, jubenil eta junior mailako Gipuzkoako txapelketan parte hartuko dute, gaur eta bihar.
Denboraldia ongi hasi dute Lasarte-Oriako atletek. Kadete mailako Euskadiko hirugarren izan zen Eneritz Busto eta taldeko hiru gaztek Espainiako txapelketetarako gutxieneko markak egin dituzte prestaketa saioetan.

Euskadiko txapelketa

Urtarrilaren 7 eta 8an, Donostiako Antonio Elorza belodromoan jokatu zen Euskadiko proba konbinatuetako lehiaketan. LOKEko, Eneritz Busto, atleta gazteak bost probatan parte hartu behar izan zuen. 60 metro hesi lasterketan 4. iritsi zen helmugara. Altuera proban eta pisu jaurtiketan bigarren izan zen; luzera jauzian, bosgarren marka onena egin zuen eta 600 metroko lasterketan, aldiz, hirugarren izan zen.
Gauzak honela, sailkapen orokorrean, hirugarren puntuaziorik onena egin zuen, 2.445 puntu, eta brontzezko domina ekarri zuen herrira.

Markak

Hala baina, txapelketa garaia hasi baino lehen, atletek prestaketa jardunaldiak izan dituzte.
Hauetan sasoiko jartzeaz gain, txapelketetan parte hartzeko gutxieneko markak lortu ahal dituzte.
Eta honela izan da, hiru kasutan. Eneritz Busto berak, Ane Galardik eta Itotz Rodriguezek martxoan izango den kadete mailako Espainiako txapelketarako txartela lortu dute.
Eneritz Bustok altuerako proban 1,54 metroko jauzia egin zuen. Ane, aldiz, 60 metroko lasterketan egongo da, 8,29 segundoko marka lortu ostean.
Itoitz Rodriguezek 600 metroko lasterketan parte hartuko du, abenduaren 29an egin zuen minutu bat eta hogeita bederatzi segundoko markari esker.
Baina LOKEko gazte guztiek oraindik denbora dute marka horiek hobetu edo berriak egiteko. Eta horretarako lehengo aukera Donostian asteburu honetan antolatu den kadete, jubenil eta junior mailako Gipuzkoako txapelketa da.

Challenge-a

Honetaz gain, iazko denboraldiko Challengue-aren sailkapenak argitaratu dira eta LOKEko Ane Galardi lehenengo hamarren artean dago.
Zehazki zazpigarren postuan amaitu du herriko atletak eta horregatik, kirol ekipamendua erosteko 50 eurotako saria emango diote.

Gabonetako liga

Bestalde, Mari Carmen Olaso herritarra ere protagonista izan da negu honetan, emakumeen mailako Gabonetako Ligako irabazle izan baita.
Izan ere, azken hilabetean izan diren hiru proba motzekin, 31. Hondartzako krosa, Donostiako XXVII San Silvestrea eta 82. Erregeetako Nazioarteko krosa, Liga antolatu dute. Hiru proba hauetan parte hartu duten korrikalariekin sailkapen nagusi bat egin dute eta Olaso izan da garaile.