Zero Settek herriko taldeen babesarekin ospatuko du zilarrezko urtebetetzea

maider-azurmendi 2012ko urtarrilaren 13a

Zero Sette herriko akordeoi orkestrak zilarrezko ezteiak betetzen ditu aurten eta hauek ospatzeko emanaldi handi antolatu du Manuel Lekuona Kultur-etxean. Jaialdia bihar izango da 19:30etatik aurrera baina bertara joateko gonbidapenak aspaldi agortu ziren. Kultur-etxeko lehiatilan jarri ziren egunean bertan. Taldearentzat pozgarria izan da jasotako babesa eta horregatik emanaldi polit eta gustagarria eskaini nahi du.

Lasarte-Oriako Zero Sette akordeoi orkestrak 25 urte bete ditu urtarrilaren 10ean eta urtebetetzea behar bezala ospatzeko, jaialdi handia prestatu dute bihar larunbaterako Manuel Lekuona kultur-etxean 19:30etatik aurrera.
Jaialdian herriko hainbat talderen laguntza izango du orkestrak: Alboka abesbatza, Erketz euskal dantza taldea, Semblate Andaluz elkarteko Zambra taldea, Lasarte-Oriako danborradako kideak, herriko Musika Eskolako Andrea eta Naroa akordeoilariak eta Amaia Gonzalez eta honen dantza eskolako ikasleak izango dira herriko orkestrarekin batera ikuskizun berezia eskaintzen.
Zero Sette akordeoi orkestra 1987. urtean jaio zen Jose Antonio Mercerok gidatzen zuen akademiaren baitan. Mercero berak sortu zuen bere ikasle ziren zenbait gazterekin. 1987ko urtarrilaren 10ean egin zuen debuta Zero Settek Villabonan eskainitako kontzertuan. Lasarte-Orian berriz, lehen kontzertu handia Tedoso zineman, egun kultur-etxean, egin zuen orkestrak 1989ko azaroan. Handik gutxira, Jose Antonio Mercerok taldearen zuzendaritza herriko gazte bati pasa zion, egun oraindik zuzendaria den Elias Goikouriari hain zuzen.
Urte guzti hauetako ibilbidea ez da beti erraza izan. Xabier Gonzalez Zero Setteko presidenteak jaialdiaren aurkezpenean azaldu bezala “garai on edo oparoetan erraza izan da aurrera egitea baina une zailak ere egon dira, oztopo asko eta hauei buelta emateko gaitasuna izan du Zero Settek”.

Oztopoak oztopo, aurrera

Hasieran esaterako orkestrak kide asko zituen, baina urteak aurrera joan ahala, jendeak hau utzi eta askotan berregituratu behar izan da taldea bera “akordeoiari diogun maitasunagatik egin dugu zalantzarik gabe”. Egun 22 kidek osatzen dute Zero Sette “baina 19 izatera iritsi ginen eta askoz gehiago ere bai, batez ere hasierako urteetan”.
Urtetako lan onaren adibide dira lortutako sari guztiak, besteak beste, 1992. urtean Madrilgo “Reina Sofia” akordeoi txapelketako lehen saria jaso zuen Zero Settek, edota Torrelavegako Nazioarteko Akordeoi Txapelketan hiru urtetan eskuratutakoak.

Krisiari aurre

Orain krisia dela eta ez dira kontzertu asko programatzen eta orkestra bera mugitzeko ere dirua be har denez, ez da lehen bezain erraza txapelketa guztietan parte hartzea “dirua behar da bidaiak egiteko baina egoera honi ere buelta emango diogu”.
2012ko helburua urteurrena behar bezala ospatzea da Zero Setterentzat eta ez da biharko antolatutakoa ekintza berezi bakarra izango. Urtean zehar Andima Egañak azaldu zuenez, beste bi ekimen egin nahi dituzte behintzat baina “guztiz itxi gabe daudenez oraindik ez dugu hauen berri emango. Politak izango dira eta herrian egingo direla aurreratu dezakegu soilik”.

Zero Sette aitzindari

25 urtetan asko izan dira eskainitako kontzertuak eta Boris Nogales zinegotziak aurkezpenean gogoratu bezala, “Lasarte-Oriaren izena Europan zehar zabaldu du herriko taldeak.” Bizipen interesgarriak ere izan ditu orkestrak horien artean aipagarriak Italian zeudela Joan Pablo II. Aita Santuarekin egoteko aukera izan zutenekoa edota Donostiako Artzain Onaren katedralean eurek egin zutela lehen akordeoi kontzertua.
Bestalde, herriko taldeekin elkarlanean aritzeko prestutasuna,”herrian egin diren festatan beti parte hartzeko prest izan dira” azpimarratu zuen udal ordezkariak. Hau dela eta, biharkoan herriko beste taldeak biltzea lan erraza izan da Zero Setterentzat.

Mercerori omenaldia

Jaialdian Zero Setteren sortzaile eta lehen zuzendaria izan zenari omenaldi txiki bat egingo diote. Jose Antonio Merceroren oroimenez Beethovenen “5. Sinfonia” eskainiko dute “pieza klasiko bat hautatu dugu Jose Antoniok klasikoak bereziki maite zituelako”. Gainera honakoa izango da orkestrak bakarka joko duen pieza bakarra, “prestatutako beste guztietan kolaborazio bereziak izango ditugulako”.
Jaialdian herriko zein kanpotik etorritako lagun askoren babesa jasotzea espero dute taldekideek eta gonbidapenak kultur-etxeko leihatilan jarritako egunean bertan bukatu izanak bereziki poztu ditu. Larunbatean urduritasunari aurre egin eta jendearen gustuko izango den ikuskizuna eskaintzea da Zero Setteren nahia.