Galdera hauek erantzuteko asmoarekin, Oinatz taldeak urtarrilaren 22an, Donostiara antolatu du irteera, 2012 urteko lehenengoa.
Gaztelua eta harresia
Taldeko kideek jakin arazi dutenez, hitzordua goizeko 8:45etan, izango da tren geltokian.
Amara auzotik Alde zaharrerantz abiatuko dira, lehen hiri harresitua zen eremura.
Urgull mendia, esate baterako, historian zehar Donostiak jasan dituen gerra ezberdinen eta hainbat gorabeheren lekuko izan da.
1150 urtean, Antso Handia Nafarroako erregeak Urgull mendiaren gailurrean defentsarako talaia eta hiriaren inguruko lehendabiziko hesia eraiki zituen.
Nahiz eta hainbat aldaketa eta guda jasan izan, Urgull mendiko gotorleku eta egitura askok gaur egunera arte iraun dute. Horietako bat Mota gaztelua da.
Donostiari Begira
Egun, Historiaren etxea dago bertan eta hau izango da Oinatz taldeak bisitatuko duen lekuetako bat.
Honetan, “Donostiari begira” erakusketa dago eta Gipuzkoako hiriburuaren historian zehar ibilbidea egin ahalko du taldeak: sortu zenetik, Zabalgunea egin eta Donostia uda garaiko erreferentzia bihurtu arte.
Baina gertakari historiko nabarmenenak azpimarratzeaz gain, bilakaera ekonomiko, urbanistiko eta soziala; eta bere jaiak eta tradizioak aztertzen dira erakusketan.
Arrantza
Ibilbide historikoa egin eta gero, Donostiako hirian garrantzia handia izan zuen jarduera ekonomikoari buruz, arrantzari buruz, gehiago jakiteko Oinatz taldeak Untzi museoa bisitatuko du.
Untzi museoa XVIII. mendeko dorretxean dago kokatua. XIX. mendearen erdialdera arte portu inguruan harresitik kanpo zegoen eraikin bakarra zen.
1813an hiria erre eta suntsitu zutelarik, dorretxea Donostiako Kontsulatuaren eta San Pedroko Nabigatzaileen Kofradiaren egoitza ofizial bihurtu zen.
Bertan, “Baleazaleak” erakusketa dago ikusgai. Aintzinako eta gaur egungo balearen arrantza ezagutzeko aukera ematen du erakusketak eta bereziki, euskaldunek jarduera honetan izan duten parte-hartzea nabaritzen da.
Elizaren eragina
Honetaz gain, elizak gure herrialdean mendeetan izan duen eragina handia izan da.
Donostian egon ziren eliza eta komentu kopuru handia izan zen. Santa Maria Basilika eta San Bizente elizak erlijioaren indarraren erakusle dira, baita Donostian izan diren arkitektura mota ezberdinena ere. Hauek ere bisitatuko dituzte Oinatzeko lagunek.
Santa Maria eliza XVIII. mendeko obra barroko ikusgarria da. Basilika 1743 eta 1774 artean eraiki zuten, eremu bera hartzen zuen aurreko tenplu baten oinaren gainean. Eta batez ere, Caracaseko Real Konpainia Gipuzkoarrak finantzatu zuen.
Basilikan nabarmentzekoak dira ukitu churriguereskoa duen aurrealdea, hiriko zaindaria den San Sebastian martiriaren eskultura eta Koruko Ama Birjinari eskainitako erretaula nagusia.
Bitxikeri bezala, ate nagusiak lerro zuzenean bat egiten du Artzain Onaren Katedralaren sarrerarekin.
San Bizente elizari dagokionez, bertan zegoen lehenengo elizak santu hau babesle ez zuela gutxik dakite. Izan ere, San Salbador eliza zen. XII. mendearen azken urteetan eraiki zen eta Santa Maria basilikaren menpe egon zen 1544. urtera arte.
Gaur egungo itxura 1489 eta 1574 urte artean egin zen berreraikuntzari dagokio eta gotiko berantiar estilokoa da. Hala ere, ongi begiratuz gero bitxikeri batekin egiten da topo, iparraldeko horma amaitu gabe dago.
Bazkariko txartela
Antzeko pasadizo gehiago edo Donostiako historian murgildu nahi duten herritarrek Oinatz taldearekin dute aukera.
Gainera, bazkaltzen geratzeko aukera izango du nahi duenak. Bazkariak 13 euro balio ditu eta hau dastatu ahal izateko Ttakun kultur elkartean eskuragarri izango den txartela hartu beharko dute aurretik.
Beste irteerak
Bestalde, urte honetan Oinatz taldeak hainbat irteera egitea aurreikusten du, hala nola, Zumaia itsasotik flyschak ikustera, Bertizko jaurerrira, Debagoiena edo Bilbo eta Meatzerriak
Eta iaz herrian izan zuten arrakasta ikusiaz berriro ere “Lasarte-Oriako mugak” eta “Lasarte-Oriako zuhaitzak” txangoak antolatzeko asmoa agertu du taldeak.