Horrela, neskek ondo pasatzeko helburuarekin eta poliki-poliki beraien teknika eta zelai barruko jarrera (erasorako grina, taldekide arteko komunikazioa...) hobetzeko asmoarekin talde polita osatzea lortu dutela adierazi du Oihan Agirretxek.
Bi entrenatzaile, ilusio bera
Ohian Agirretxerekin batera, Beñat Bobillo gaztea ere aritzen da entrenatzaile lanetan, eta euren egitekoan gustura dabiltzala esan dute: “Orain arte ez Beñat ez ni ez gara boleibol entrenadore moduan inoiz aritu, eta erronka bat bezala hartu dugu. Gure helburua neskek ahalik eta ondoen pasatzea da, eta ahal den heinean hobetu ere egin nahi dugu. Partiduen emaitzek ez gaituzte kezkatzen”, dio Agirretxek.
Gustoko lekuan...
Aldaparik ez dagoela dio esaera zaharrak. Euren kasuan, neskak gogotsu dabiltzala esan du, haiena izan baitzen taldea sortzearen ideia eta horrek “gauzak erraztu” egiten dituela adierazi du. Kopuruz ere bikain dabiltza: “Gehienez 12 fitxa egiteko aukera dago eta 12 neska dauzkagu partiduak jolasteko aukerarekin. Hala ere, orain beste bi neska animatu dira, eta entrenatzera behintzat, etortzen dira. Entrenamendu osoagoak egin ditzakegu horrela”, dio Agirretxek.
Konpetentzia gogorra
Herriko neskek lehen urtea dutenez, gogorra egingo zaie ziurrenik aurtengo denboraldia. Izan ere entrenatzaileek argitu dutenez, beste taldeen maila “oso altua” da jadanik kategoria honetan, beraz, pazientziaz hartu beharko dute aurtengo denboraldia. Alde handienak “teknikaren alorrean eta bereziki sakean” daudela aitortu digu Agirretxek.
Ligan buru-belarri
Lau taldez osaturiko liga batean ari dira parte hartzen herriko neskak. Donostiako hiru talde eta Lasarte BHI lehiatzen dira bertan. Aurtengoan ahalik eta itxura onena ematea izango dute xede, nahiz eta jakin ligan postu on bat lortzea “oso zaila” izango dela. Hala ere, arestian aipatu bezala entrenatzaile bikoteak ez die emaitzei gehiegi begiratzen, galtzea “inoren gustagarri” ez dela aitortzen duten arren.