Zorionak eta eskerrik asko, Zero Sette

jon-altuna-egitegi 2012ko urt. 14a, 01:00

“Zorionak eta eskerrik asko”, horixe hainbat herritarrek buruan zerabiltena Zero Setteren XXV. urteurreneko kontzertua bukatu osteko minutuetan. Alde batetik, zorionak, zilarrezko ezteiak betetzea gauza handia delako edozein arlotan, baita musikan ere, eta eskerrik asko berriz, herriko hainbat taldek lagunduta eskainitako kontzertu gogoangarriarengatik.

Emozioa izan zen protagonista jendez lepo zegoen Manuel Lekuona kultur-etxeko areto nagusian. Hasi eta buka, oso ikuskizun polita eskaini zuten bai akordeioi joleek eurek, bai Elias Goikouria zuzendariak. Baina ezin ahaztu Zero Setteri lagunduz kontzertuan zehar parte hartu zuten guztien lana ere: Alboka Abesbatzak; Erketz Dantza Taldeak; Amaia Gonzalez eta Jose Mari Orbegozo dantzariek; Zambra dantza taldeak; Beteranoen danborradak eta Naroa Goikoetxea eta Andrea Gonzalez trikitilari bikoteak modu zoragarrian hornitu zuten Zero Setteren jarduna kontzertuak momentu bakoitzean eskatzen zuen erritmoa primeran irakurriz eta horren arabera jokatuz.

Amaiera zirraragarria

Ia bi orduko kontzertua izan zen, baina momentu gorena amaieran etorri zen. Kontzertuan modu batera edo bestera parte hartu zuten guztiak oholtza gainean zeudela, Zero Sette J. A. Mercerok konposatutako Lasarte-Oriako ereserkiaren lehen notak jotzen hasi zen. Malkoren bat isuri zuen orduan herritar bat baino gehiagok, eta zutik jarrita, gogoz kantatu zuten denek gure herriko ereserkia. “Zeruan izarrik dan arte, bere buruaren jabe, beste herriren lokarrik gabe nahi degu gure Lasarte”. Oilo-ipurdia jartzeko modukoa.

Horren ostean, hainbat oroigarri banatu zituen Zero Settek, tartean, Mercero maisu handiaren familiari omenaldi sentitua egin zioten. Lasarteoriatarrei kosta egingo zaie larunbatean bizitakoa ahaztea, bereziki Zero Sette osatzen duten kide guztiei, horrelako maitasun eta gorespen keinuak ez baitira egunero sentitzen.