Herritarrez gain, Gizpuzkoa Zero Zabor edota AHTaren aurkako mugimenduko kideek parte hartu zuten martxan asko Euskal Herri osotik etorritakoak "proiektu txikitzaileen" aurka egin, eta hauek beharrezko ez direla salatzeko.
Okendotik Zubietamendira
Ibilbidearen lehen zatian, makrokartzela egin nahi duten lekura joan ziren. Hara iristean, errauskailua eta makrokartzelaren inguruko informazioa eman zuten bai ahoz zein idatziz. Antolatzaileek azaldu zutenez, mila pertsona hartzeko gaitasuna izango du makrokartzelak eta ehun metro eskasera kokatuko dute erraustegia, tunel baten bidez lotuta.
Joxe Mari Irazusta GZZeko kideak hainbat datu eman zituen Zubietako erraustegiaren inguruan, bai sortuko lituzkeen hondakin eta gas kutsakorrei buruz, bai eta erraustegi batek bigarren mailan eragingo lituzkeen ondorioak azalduz.
Ezkutatzeko nahia
Mikel Alvarez AHTaren aurkako mugimenduko kideak azaldu duenez, erraustegia "ahalik eta modu ezkutatuenean" egin nahi dute, jendeak bertan egingo dena ikus ez dezan. Hori dela eta, sakonune antzeko batean eraikitzen hasiko dira errauskailua, ondoren, mendixka artifizial txikiez inguratuta, inguruko herrietatik tximiniaren punta besterik ikus ez dadin.
Buruntzan bazkaria
Zubietamenditik jaitsi eta Buruntzako tontorra zapaldu ostean, San Rokeko aterpetxean bazkaldu zuten denek. Bertan, Superportuaren aurkako sinadurak biltzeaz gain, AHTaren aurkako mugimenduko Hilario Manzanedo bergararrak Euskal Herriko harrobiei buruz hitzaldi txiki bat eman zuen, hauek ekosisteman eragiten duten talka nabarmenduz.
Bestalde, AHTaren proiektuak ere izango du eraginik Buruntza aldean. Buruntza mendia alde batetik bestera zeharkatuko du tunel luze baten bidez Zizurkil aldetik Urnieta aldera iritsi ahal izateko; lerro zuzenean eta aldaparik egin gabe mota honetako trenbide guztiek bezala.
Trikitixarekin amaiera
Arratsaldean, ibilaldiari amaiera emateko asmoz, Iratxe Zelaia eta Enara Ieregi trikitilariek girotuta Oriatik Okendorainoko bidea egin zuten kantuan. Bidean zehar, "Txikizioa hemendik, negozioa handik, AHTrik guk ez dugu nahi inondik", bezalako aldarriak abestu zituzten.
Amaieran, Javier Melchor Erraustegiaren aurkako plataformako kideak laburbildu zuenez, eurak Gipuzkoan aldaketa sozial bat gauzatzearen aldekoak dira, baina horretarako beste azpiegitura eredu baten alde lan egin beharra dagoela uste du.