“Euskal demokrazia bat dago”

itxaso-moreno 2012ko urt. 16a, 01:00
Jule Goikoetxea donostiarra da jaiotzez baina urtetan Lasarte-Orian bizi izan da. Herriarekin lotura estua izan arren, atzerrian denbora asko eman du bere ikerketak burutzen. Orain berriz atzerrira joateko zain izan ondoren, Eusko Jaurlaritzaren beka lortu eta Kanadan eta Eskozian urte bana egingo ditu. Aspalditik Aralar alderdiari lotua, Amaiur koalizioak Espainiako Kongresurako Gipuzkoagatik aurkeztutakoen artean laugarrena izan zen azken hauteskundeetan.
Filosofian Doktore da, Kazetaritzan lizentziatua eta Zientzia Politikoko ikasketak burutu ditu Cambridgen. Doktoretza ondorengo beka bat eskatu eta erronka, bere ikerketarekin aurrera jarraitu ahal izatea da, horretarako finantzaketa eskuratzea beharrezkoa zuen. Eusko Jaurlaritzak Gizarte Zientzien arloan beka bakarra eskaintzen duenez, Kanada eta Eskoziako unibertsitatetan ere egin zuen eskaera Jule Goikoetxeak.

Zehazki zein da zure ikerketaren gaia, tesia?
Nire ikerketan Euskal Herriko egitura politikoa, egitura sozioekonomikoa eta abertzaletasuna dira ardatzak. Hauek aztertuta, nire tesia honakoa litzateke: gure egitura politikoak egitura sozioekonomikoa baldintzatzen duela eta horren arabera eskakizun politiko batzuk ere baldintzatzen dituela. Aldi berean, egitura horien harremanaren ondorioz, Euskal Herrian nazionalismo berri bat eratu dela esango nuke.
Aipatutako egiturak direla eta berezko Euskal demokrazia bat dugula defendatzen dut, Espainia edota Kataluniako demokrazietatik desberdina den demokrazia bat.

Administrazioekin oztopoak izan al dituzu ikerketaren gaia dela eta?
Orain arte ez dut arazorik izan. Praktikoki, lehen oztopoa Hezkuntzako beka departamentutik etor zitekeen.
Objektiboki baloratu dute nire ikerketa proposamena baina egia da, teorikoki, jende asko egon daitekeela ideia eta planteamendu jakin batzuen kontra. Bestetik ohiko ikerketa metodologia jarraitzeko oztopoak izango ditudala uste dut, ez da erraza izango aurrera egitea.

Nondik hasiko duzu ikerketa?
Lehen pausua dagoen legedia aztertzea da. Lurralde Historikoen legea, gure egitura federala, estatutua, autogobernua aztertuta ikusi guzti hauek nola eragin dioten gure egoera sozioekonomikoari. Kohesio maila oso altua da hemen eta jakin nahi dut ea zein punturaino den horrela aipatutako egitura federal hori dugulako.
Katalunian esaterako, oso egitura jakobinoa, zentralizatua dute. Horrek nola eragin dezakeen jakin, izan ere, han kohesioa baxuagoa da faktore gehiago daudelako. Besteak beste immigrazioa integratzeko prozesu zailagoa izan dute eta ikusi nahi dut ea zergatik gertatzen diren alde horiek Euskal Herria eta Kataluniako kohesio mailan. Hau gertatzearen arrazoia egitura politikoa dela defendatzen dut.

Ondoren...
Arlo ekonomikoa landu. AutogobernuarI lotuta egiten diren eskakizun politikoak hausnartu, adibidez Ibarretxe Plana. Hau bere garaian Euskadiko Parlamentuan onartua izan zen. Bertan eskakizun politiko berriak eta zehatzak jasotzen dira. Eskakizun horiek alderatu daitezke 1979koarekin, hau da, Gernikako estatutuarekin baita lehenagoko euskal nazionalismoarekin, 1931ko Estella-Lizarrako estatutuarekin. Nazionalismo berri bat osatu dela litzateke ondorioa.
Kontutan hartuta nazionalismo berri hau biztanlegoaren %40 etorkinak ziren gizartean, 70 hamarkadan eratu zela, hau nola gertatu zen azaldu nahi dut. Nire argudio nagusia litzateke, nazionalismoak kultura eta identitatearekin zerikusi handia daukala baina kultura ondorio bezala ulertuta, kultura ez da nazionalismoaren kausa.
Ondorioa litzateke nazionalismoa gure egiturengatik baldintzatuta dagoela. Bai egitura politikoarengatik, baita besteak beste, ekonomikoengatik ere.

Publikatutako tesia bat baduzu ezta?
Argitaratuta dagoena Filosofian egindako tesi doktorala da. Oraingoa Zientzia Politikoetan atera nahiko nuke, desberdina da.
Ulertzeko, aurrekoa filosofia politikoa zen. 'Inkomunikazioaren praktika edo gatazka diskurtsiboa' izenarekin, inkomunikazioa diskurtsoaren berezko ezaugarria dela defendatzen nuen. Komunikazioaren eta inkomunikazioaren baldintzak berdinak direla azpimarratuz.
Tesian azaltzen ditudan adibideak Espainia eta Euskadiko parlamentuetan entzuten diren diskurtsoetatik aterata daude. Hauei esker ikus daiteke nola adibidez euskal gatazkaren inguruan, inkomunikazio hori modu nabarian gertatzen den.
Aztertu nituen euskal gatazkaren inguruan PP eta PSOE alderdien diskurtsoa batetik eta EAJ, Aralar, EA, Batasuna bezalako alderdiena bestetik. Eztabaida eta dialogoak ikertu nituen. Ondorioak ordea zabalagoak ziren. Oso kutsu filosofikoa zuen ikerketak.

Euskal Herritik Cambridgera, zergatik?
EHU-n tesia egin ondoren, Cambridgera joan nintzen master bat egiteko asmotan. Han Zientzia Politikotako karrera bi urtetan burutzeko aukera eskaini eta masterra beharrean hau ikastea erabaki nuen. Politika arloko masterrean baino ezagutza gehiago eskuratzeko aukera ona zela iruditu zitzaidan.

Argi al zeneukan ikertzaile izan nahi zenuela?
Hasieratik, idazle izan nahi nuen. Ikertzaile izatearena gerora iritsi zen. Baina bai, Filosofiarekin hasi nintzenean lanbidea idazketarekin erlazionatuta egotea nahi nuen hasieratik.

Noiz hasiko duzu ikerketa?
Beka posdoktorala eman didatenez, Kanadara noa gero Cambridge eta ondoren Edimburgora. Ikerketa hemen bukatuko nuke, Leioan, EHUko Zientzia Politikoen sailean.

Lana egiteko modua zein izango da?
Lehen helburua, hiru artikulu idatzi eta argitaratzea litzateke. Lehena Kanadan egingo nuke, Quebec eta Eukal Herriaren arteko nazionalismoa eta autogobernuen ezberdintasunei buruz. Bigarrena, Eskozian egingo nuke Edinburgon, Eskozia eta Euskal Herria alderatuko nituzke. Honakoa litzateke ikerketaren lehen zatia, enpirikoa. Azkena, bueltan egingo nuke, Kataluniarekin ere alderatu eta aspektu teorikoak, ondorioak hemen jorratuko nituzke.

Zenbat denbora eman beharko duzu ikerketa egiten?
Helburuen arabera, agian hiru urterako lana izango da. Horrelako ikerketa egiteko hiru edo lau urte behar izaten dira normalean. Dena den, oso aldakorra izan daiteke, askotan aztertzeko hartutako eremu edo gai kopuruaren araberakoa izaten da.
Nire ustez lan txukuna egiteko, lau urte baino gehiago behar dira. Gizarte zientziatan konplexuagoa da. Irakurketa soilak, denbora asko eskatzen du. Aldi berean, geroz eta gehiago irakurri orduan eta lan hobea egingo duzu.

Unibertsitateko irakasle bezala ikusten duzu zure burua?
Printzipioz, bokazioa ikertzaile izatea da. Egia da hemen ikertzailea izateko unibertsitatean sartu behar dela eta horretarako, klase ordu batzuk eman. Nire beste aukera politikan sartzea litzateke.

Lana bakarrik egiten duzu?
Nik bai. Bekak taldeka eskatu daitezke baina ondo moldatzen naiz bakarrik lan egiten.

Euskal Herrira bueltatuko zara edo atzerrian geratzeko asmoa duzu?
Ohituta nago bidaiatzen ibili eta etxetik kanpo egotea baina Euskal Herrian bizi nahi dut. Harreman estua daukat nire herriarekin eta helburua hemen bizitzea da.