EAJ-ri erantzuna

Txintxarri 2012ko urtarrilaren 16a

Joan den astean, Lasarte Oriako EAJ-PNVek , ipuin bat kontatu zigun orriotan "Istorio penagarri baten ipuin tristea" izenburuarekin. Lehendik ere makina bat ipuin entzunak ditugu errauste planta toxikoaren defentsan.
Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kideak ameslaritzat jotzen gaituzte. Ez zaie arrazoirik falta. Guk, erraustegiaren pozoina arnasten bizi beharrarekin etsitzeari muzin egin, eta munduan zehar hondakinen kudeaketan dauden praktika egokiak Gipuzkoan zabaltzearekin egiten dugu amets. 6 milloi biztanle dituen Flandria bezalako herrialde bateko gaikako bilketa maila (%82) izatearekin egiten dugu amets.
800.000 biztanleko San Francisco bezalako hiri batek daukan Zero Zabor programa bat Gipuzkoan izatearekin egiten dugu amets.
Birzikla ezin daitekeen errefusa Capannorin bezala tratatu eta egonkortzeko sistemak hemen edukitzearekin egiten dugu amets.
Gipuzkoan bilketa sistema eraginkorrak abian jarri dituzten Usurbil, Hernani, Oiartzun eta Antzuolako emaitza bikainak herrialde osoan zabaltzearekin egiten dugu amets.
Zero Zabor ereduak ezagutzeko itsaso eta ozeanorik zeharkatu behar ez izatearekin egiten dugu amets, Gipuzkoan bertan ikusi ahal izatearekin alegia.
Hondakinen kudeaketan badagoelako konponbide, on, ez kutsakor eta merkea.
Baina amets egin bakarrik ez. Lana dugu batzuek sartu nahi diguten etsipenetik amets hoiek errealitate bihurtzera eramango gaituen zubia. Ez dugu onartzen, EAJ-PNVek bezala, Lasartearrak urtean 250.000 tona zabor erreko dituen errauste planta baten ondoan bizi behar izatera kondenatuko dituen etsipen antzurik.
Abagune itxaropentsu honetan, gurekin batera etorkizun hobeago baten alde amets eta lan egin nahi duten Lasartearrei dei egiten diegu, GZZrekin harremanetan jarri, eta elkarrekin Lasarten bertan amets hoiek errealitate bihurtzeko lanean has gaitezen. www.gipuzkoazz.com web orrian topa dezakezue gaiari buruzko informazioa eta gipuzkoazz@gmail.com helbidearen bidez jarri zaitezkete gurekin gurekin harremanetan.

Gipuzkoa Zero Zabor