"Oroitarria" dokumentala Jalgin

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urtarrilaren 16a

Asteazkenean "Argia Eguna" egingo da Jalgin Ruben Marcillaren "Oroitarria" dokumentalaren proiekzioarekin. Honakoa 21:30ean hasiko da eta hilero burutuko den ekintza izango da. Urrian hasi zen Argia aldizkariaren dokumental eta bideoak doan ikusteko hitzordua herriko Jalgi Kafe Antzokian eta ekimena ikasturte osoan zehar burutuko da.
46 minutuko iraupena duen "Oroitarria" dokumentalak Iruñean Germanen oroimenez jarritako oroitarria du abiapuntu, poliziak 1978ko Sanferminetan German hil zuten lekuan. Dokumental honetan zuzendariaren hitzetan "botereak ahaztarazi nahi dizkigun pertsona, gertakariak eta zenbait erabaki politiko ekartzen ditu gogora". Gertaera horiek duela 30 urte baino gehiago izan ziren arren, "oroitarri honek oraindik egun gobernatzen dutenak gogaitzen ditu".
Argiaren helburua multimedia eduki hauek Euskal Herriko txoko guztietara iristea da eta dagoeneko 30 udalerritan egiten ari dira proiekzioak. Hamabi saio programatu badira ere, harrera ona izatekotan, proiekzio gehiago egingo direla aurreratu dute Argiako ordezkariek.
Otsaileko emanaldiari dagokionez, "Lucio" anarkista ezagunaren bizitzan oinarritutako dokumentala izango da ikusgai. Igeltsero ogibidez, Francoren aurkako ekintza mota gehienetan parte hartu zuen baina kolperik handiena hirurogeita hamarreko hamarkadaren bigarren erdian eman zuen. 3.000 milioi pezetako iruzurra egin zion First National Bank (orain Citibank) etxeari dirua berak sinesten zuen kausetan inbertitzeko. Filmak Goya sarietarako izendapena jaso zuen.