Segurako Txoritegi nagusi Michelingo bolo txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urtarrilaren 16a

Igandean goiz eta arratsaldez Michelingo bolatokian jokatu zen taldekako Bola Txapelketarekin hasi da ekainera arte luzatuko den 2012ko bola denboraldia.
Taldekako txapelketaren ondoren jokatuko dira bikotekakoa, Lehendakari Txapelketa, Gipuzkoako Kopa eta azkenik, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak, maiatzaren 27an eta ekainaren 2an hurrenez hurren.
Igandean Michelinen hasi eta Gabirian datorren igandean egingo den norgehiagokarekin amaituko den Taldekako Txapelketa honetan Lasarte-Oriako Ostadarreko seikotea parte hartzen ari da eta momentuz seigarrenak izan ziren igandean 240 brila botata. Segurako Txoritegi nagusitu zen 265 brilarekin, Zeraingo Listormendikoak izan ziren bigarrenak 264rekin eta Urnieta hirugarren 262rekin.
Bakarka, gehiena 48 brila bota zituzten hiru parte hartzailek eta berdinketa hausteko tiraldian, Segurako Zeferino Agirre izan zen nagusi, Urnietako Imanol Iruretagoiena eta Xabier Lizeagaren aurretik. Lasarteoriatarren artean onena Joxean Lasa izan zen bederatzigarren 46 brila botata.
Guztira sei jokalariz osatutako 11 talde ari dira txapelketan parte hartzen.