Udal jangelan katering zerbitzurik ez!

Txintxarri 2012ko urt. 20a, 01:00

Urtarrilak 10ean, lanetik bueltan nentorrela irratsaio batean minbiziaren inguruan hizketan zebiltzala konturatu nintzen. Dirudienez, duela gutxi Nafarroako Unibertsitateko zientzialari talde batek buruturiko ikerketa batean jasotakoaz ari ziren. Estatu mailan egindako azterketa honek, zehazki kolon minbiziaren sorburu eta prebentzio moduak identifikatzea zuen helburu. Hain zuzen, estatu mailan minbiziaren eraginez hiltzen direnen artean, emakumeetan bular minbizia eta gizonetan birika minbiziaren ondoren, koloneko minbizia kasuak direlako gehienak.
Bertan esandakoaren aburuz, koloneko minbizia edukitzeko arriskua ez dago guztiz ezabatzea, ordea, programa prebentiboak martxan jartzearekin minbizia kasuak jaistea lorgarria zela zioten. Ikerketaren ondorioen arabera, kolon minbizia kasuen %40a elikadura, pisua eta jarduera fisikoarekin zuzenki erlazionaturik dago. Elikaduraren arloan, honako dietak minbiziaren kontra babes gaitzake; fruta eta barazki freskoak, oliba olioa eta arraina lehenetsi, haragi kontsumoa eta animali gantzaren aurrean.
Irratiko mahai ingurua bukatzean, elikaduraren garrantziaz hausnartzeko parada izan nuen eta herrian udalak kudeatutako zerbitzu eredugarri bakarrenetakoa kolokan zegoela gogora ekarri zidan: Udal jangela! Herritarrok begirunez eta harrotasunez zaindu beharreko udal jangela zerbitzua. Kalitate gutxiko eta kontsumo azkarreko eredutik babesturik genuen gure altxor txikia desagertu behar al da?
Gure seme-alaben hezkuntzan, haien intelektoa lantzeaz gain, bizi modu osasuntsuak eta ingurumena zaintzeak duen garrantzia txikitatik txertatzea premiazkoa da, gerora beraien osasunean eragingo duela jakin badakigulako. Eta nola lortuko dugu hori egunero gure txikiek prefabrikaturiko bazkariak jasoko badituzte?
Gizartean ingurugiroa zaintzearen beharra geroz eta zabalduago dago eta bertan dirua inbertitzea logikoa iruditzen zaigu. Elikadura ere, gure gaitzen ehuneko handi batean du eragina, baina ez berehalakoa. Konsekuentziak epe luzean azaleratzen dira eta herritarron gehiengoak ez du gaia merezi duen kezkarekin ikusten, sentsibilizazio eza nabarmena da. Beraz, administrazio publikoek herritarron osasunerako positiboak diren zerbitzuak areagotu beharko lituzkete?
Bestalde, urtarrilak 9ko Txintxarrin irakurri dudanez, PSE-EEk erabaki politikoetan herritarron parte-hartzea sustatzen dituzten tresnak sortzea begi onez ikusten du. Hurrengo alean, urtarrilak 13an, Alaitz Mendizabalek parte hartze saileko buruak, gaiak parte hartzearen bidez aurrera eramateko, eta herritarrekin elkarlanean aritzeko Udal gobernuak behar dituen baliabide guztiak berehala jarriko zituela zioen. Beraz, herritarron parte hartzeari bide emango dioten tresnak sortzearen alde adostasunak egonik, udal jangelaren inguruan debate publikoa sustatzea aurreikusten al da?
Udal jangelan katering zerbitzurik ez! Ez kontatu gurekin.

Mikel Etxeberria Garmendia