Ni han egon nintzen

Mailu Arruti 2012ko urt. 20a, 01:00

Progre usteko askok esan ohi du gezur hau: "Yo si estuve allí". Parisko 68ko maiatzean alegia. Esaten duten guztiak han egon balira….
78an, "Yo si estuve allì" Gau euritsu batean Donostiako tren geltokira 6 preso iritsi ziren, bi gure herrikoak.
"Presoak kalera" lemarekin haziak gara gu. Gure belaunaldiak lelo hau jaio ginen ezkero entzun eta oihukatu dugu.
Nik orain ez dakit solfeorik eta txistua gutxiago. Orduan ere ez nekien baina notak paper muttur batean letraz idatzi eta pieza bat jotzen ikasi nuen.
Sol, do, do, do, do, do, mi, re, fa,
Sol, re, re, re, re, re, fa, mi, do
Sol, do, do, do, do, do, mi, re, fa
Si, si, si, la, la, sol… e.a.
Nik bezala solfeorik ez dakizuenontzat: Aupa gizona.
Gau hartan pieza hura jo eta jo aritu ginen, besterik ez genekielako. Eta ikusten duzuenez memorian ongitxertatua geratu zen.
Geroztik gauza asko pasa zaizkigu, asko egin dugu, eta "tenemos mucho que hacer".
(Ez pentsa espainolez jarri ditudanak deskuidatuak daudenik. PSOEko barnetxostenen izenak dira.)
Baina guztioi aplikatzeko moduko izenburuak dira bizi ditugun egun hauetan.
Badakizue zer esaten dizuedan txistu zaharrari hautsak kendu eta entsaiatzen hasi beharra daukagula. Ongi etorri asko espero ditudalako. Eta bertan egon nahi dut.