“Kontsumitzeko beste modu bat posible da”

maider-azurmendi 2012ko urtarrilaren 20a

Elikagai-merkatuaren aurrean alternatibak sortu eta nekazaritza sozial eta ekologiko baten aldeko apustua egiteko helburuarekin jaio zen orain zazpi urte Uztaro kontsumo kooperatiba. Beizamako Leunda-Berri eta Amenabar baserrien ondoan dauzkaten baratzetako barazkiak jasotzen dituzten kontsumitzaile taldeak herri ezberdinetan daude: Villabona, Azkoitia, Zestoa, Zarautz eta Lasarte-Orian hain zuzen ere. Azken talde honetako parte dira Ainhoa Ortega eta Virginia Pozo herritarrak eta momentuan barazki kopuru handia dela eta, saski gehiago egiteko moduan direnez herriko taldea handitzeko deia egin dute.

Uztaro Kontsumo Kooperatibak Lasarte-Orian hamabi kideko kontsumo unitate bat du eta Danok Kide elkarteari eskerrak, honen egoitzan jasotzen dituzte astelehenero Beizamako lurretatik iritsitako barazki zein frutak. Uzta oparoak izaten ari dira eta herriko taldea handitzeko moduan direla jakitera eman nahi izan dute. Lasarteoriatarrak honetan parte hartzera animatzeko uztarolasarteoria@hotmail.com helbidea martxan jarri dute herritarrak beraiekin harremanetan jartzeko izan dezaten. Produktuak ekologikoak dira.

Nola sortu zen Uztaro?
Duela zazpi urte talde bat elkartu zen nekazaritzatik bizitzeko saiakera egiteko asmoarekin. Hartutako eredua Madrilgo BAH "Bajo el asfalto está la huerta" mugimendua izan zen eta Beizaman kontsumo kooperatiba martxan jartzea erabaki zuten hausnarketa askoren ondorioz.
Hasiera batean lurra lantzen bi lagun jardun ziren eta egun, hiru dira. Horrela kontsumo unitateak deitutakoak sortzen joan ziren herri ezberdinetan, hau da, barazkiak jaso eta kontsumituko zituzten pertsonen taldeak.
Uztaro Euskal Herrian aitzindari izan zen eta egun beste kontsumo kooperatiba askorentzat erreferentzia da, Usurbilgo Usurbiltzenentzat adibidez.

Zenbat lagun zarete guztira Uztaro kontsumo kooperatibaren baitan?
Hasieran ekimena oso ezezaguna zen eta poliki-poliki joan da jendea Uztarora gerturatzen.
Lehen kontsumo unitateak sortzeko hitzaldiak antolatu ziren herri askotan eta horietan parte hartzeko prest zegoen jendea azaltzen bazen, taldeak sortzen ziren. Guztiz beharrezkoak ziren hitzaldi hauek planteatzen zen proiektua jendeak ondo ulertzeko.
Momentu honetan 41 otar banatzen dira, hauetako asko bi pertsonen artean elkarbanatutakoak. Lasarte-Orian hamabi dira otarrak baina jende gehiago gara taldean kide batzuek otarra binaka edota hirunaka hartzen dutelako.

Jende gehiago animatzea nahi duzue, ezta?
Bai hori da gure helburua. Momentu honetan uztak oparoak izaten ari dira eta otar gehiago egiteko moduan gaude.
Gainera lehen ez geneukan Lasarte-Orian barazkiak edukitzeko eta banatzeko lokalik eta horrek zailtzen zuen jende berriaren parte hartzea. Andoaingo gaztetxean jasotzen genuen... Orain herrian Danok Kide elkartearen egoitzan txoko bat egin digute eta horregatik herritarrak honetan parte hartzera animatu nahi ditugu.

Zer egin behar da Uztaroko kide izateko?
Lehen pausua uztarolasarteoria@hotmail.com helbidera idaztea litzateke. Hori da gure nahia. Interesatuak informazio gehiago eskuratzeko edota edozein zalantza argitzeko hartuemanetan jar daitezke.
Ondoren, aurrera egiteko prest diren kide hauek, berehala barazkiak jasotzeko aukera izango dute.

Dena den Uztaron kide guztien parte hartzea sustatzen da.
Bai, hori da. Badira egun bestelako kontsumo kooperatibak baina gure kasuan baratzara joateko konpromezua hartzen dugu taldeko partaide izatearekin batera.
Urteko egutegia guztien arteko bileran adosten dugu eta horren arabera, igande bakoitzean lanera joango den taldea zehazten da. Lasarte-Orian esaterako momentuan hamabi otar direnez, hilabetero bati dagokio baratzan lan egitea, azkenean urtean behin joan beharra dago soilik.
Hala ere, baratzan beti dago zer egina eta nahi duenak nahi bestetan joan daiteke lan egitera.
Horretaz gain hilero herri bakoitzeko taldea biltzen da eta bertan jasotzen da otarren dirua, 66 euro. Ondoren, kontsumo unitate guztien asanbladara eramaten du ordezkariak diru hori. Helburua bitartekorik gabe lan egitea da eta kide guztiak tarteka zenbait ardura beregain hartzea. Ez dugu kontsumitze hutsean oinarritu nahi.

Bestela auzolanak ere antolatzen dituzue.
Bai barazkiez gain, fruta arbolak ere baditugu eta tarteka beharrezkoa izaten da auzolana antolatzea fruta guzti hori garaiz jaso ahal izateko. Beharren arabera halako ekimenak bultzatzen dira.
Kontutan izan behar da gure produkzioa ekologikoa dela eta horrek ere garaian garaiko barazki eta fruituak jasotzea dakarrela.
Gainera auzolanek ekoizle taldearekin harremana sendotzea dakarrela uste dugu, kontsumitzaileok elkar ezagutzeko aukera izaten dugu horrelakoetan eta gure baratzarekin eta gure barazkiekin kontaktu zuzena izaten dugu.

Otarrak nolakoak dira?
Astero banatzen dira barazkiak, kontsumo-unitate bakoitzeko. Garaian garaiko produktuak banatzen dira eta gorabeherak izaten dira kantitatean (urtaroaren, eguraldiaren, lantaldearen egoeraren eta abarren arabera), baino astero hiru edo lau lagunentzako adina barazki jasotzen da, oro har.
Aipatu bezala elkartearen hileko kuota 66 eurokoa da eta honekin ordaintzen dira, ekoizpen-gastuak, lantaldearen asignazioak, baratzaren gastuak (hazia, landarea, lan-tresnak…) eta banaketaren gastuak (ibilgailua, erregaia…) besteak beste.
Kide berri bakoitzak ere Uztaro kooperatiban sartzean 30 euro ordaintzen ditu laguntza moduan.

Otar indibidualak al dira?
Ez dira otar indibidualak egiten, barazkiak txukun uzten dizkigute jasotzeko guneetan eta norberak dauden produktuekin osatzen du bere poltsa. Nahikoa egoten da denentzako normalean kantitate handiak jasotzen dira eta.

Zein produktu landatu ere denen artean adosten al duzue?
Bai urteko asanbladan baratzaren planifikazioa eta ebaluaketa egiten da denon artean. Denok erabakitzen dugu urtaro bakoitzean zer barazki jasoko ditugun; ez dago kontsumitzaile bakoitzaren esku astero zer jaso nahi duen erabakitzea, dendan egin ohi den bezala.
Sistema honen beste abantaila bat da ez dela barazkirik soberan gelditzen, dagoen guztia banatzen delako. Prezio aldetik ere ez da aldaketarik izaten, eta horrela, alde guztien artean oreka bat lortzen da.
Proiektu hau aurrera ateratzeko, antolaketa horizontal batean oinarritzen gara taldean; erabaki guztiak batzarretan eta bileretan hartzen dira. Denon artean erabakitzen dugu dena eta guztion iritziek balio bera dute.

Barazki eta frutak lantzeaz gain besterik egiten al da?
Iaz hasi ginen gure haziak ere sortzen. Aurtengo baba eta baratxuri freskoak esaterako gure hazietatik sortutakoak dira dagoeneko.
Ekimen honekin diru asko aurrezten da, haziak kanpoan erosi behar ez direlako. Aldi berean gure produktuen kalitatea ere bermatzen ari gara. Komisioka lan egiten da Uztaron eta horrela atal bakoitzak, nolabait esateko, bere arduradunak ditu, batetik fruta arbolen komisioa dago, haziena...

“Basherriko” kide ere bada Uztaro...
“Basherri” kontsumo kooperatibak biltzen dituen sare berria da eta bai, hor dago, Uztaro. Oraindik bloga jaioberria da eta nolabait egituratzen ari da baina honen helburua dauden kontsumo talde guztien arteko elkarlana sustatzea da. Esaterako orain gure baratzatan aza asko dago eta trukea proposatu zaio Usurbilgo ekoizleari beste produktu batengatik. Horrelako harremanak lantzea oinarrizkoa iruditzen zaigu.

Kontsumo arduratsuago bat egiteko aukera zabaltzen ari zaretela esan al daiteke?
Bai, egun kontsumoaren gizartean bizi garela argi daukagu, kontsumo basati batean murgilduta bizi gara eta ez dugu zertan sistema horretan sartu behar. Alternatibak daudela defenditzen dugu eta Uztaro da horren adibide.
Kontutan izan behar dugu egungo merkatuan, Thailandiako arrozaren prezioa adibidez, Estatu Batuetako enpresa multinazionalen bulegoetan erabakitzen dela, thailandiarrek beraien arroza erosteko dirurik ez duten bitartean.
Egoera horiei aurre egiteko, kontsumoa bera gizartean aldaketak eragiteko tresna izan daitekeela uste dugu eta autogestioan oinarritutako proiektuen bidez, pauso garrantzitsuak eman ditzakegula kontsumo-eredu zentzugabe hau aldatzeko.

Gaiaren garrantzia zabaltzeko ekimen berezirik egiten al duzue?
Tarteka hitzaldiak antolatu dira herri ezberdinetan gure lana zein den jakitera emateko. Aurten asmoa dago kontsumo kooperatiba eta barazki ekologikoen inguruko jardunaldi batzuk antolatzeko.
Datak zehazteke daude baina apirilean egitekotan gara eta dagoeneko lanean dabil batzorde bat hori prestatzen. Aukera ona izango da mundu honetara gerturatu nahi dutenek behar beste informazio jaso ahal izateko.

Zer esango zenieke herritarrei Uztaron parte hartu dezaten?

Hasteko kontsumitzeko beste modu batean parte hartzea litzatekeela Uztaron sartzea eta bestetik, jaten duzuna nondik eta nola atera den ikusten duzula.
Noski produktuen kalitatea bikaina dela ere azpimarratzekoa da eta 66 euroko aportazioa gehiegizkoa iruditzen bazaie, kontutan izateko otarra bi edo hiru lagunen artean elkarbanatu dezaketela. Zer jaten dugun jakitea gaur egun garrantzitsua dela iruditzen zaigu.