Pepeneko zaldiak jaun ta jabe Ondarretako hondartzan

Txintxarri 2012ko urt. 22a, 01:00

Joxe Manuel Martinez eta Xanti Telleria herriko jockey-ek lehen eta hirugarren postuak eskuratu zituzten hurrenez hurren Donostiako Ondarreta hondartzan igande goizean antolaturiko zaldi lasterketan.

Eguna petral xamar esnatu bazen ere, eguerdian errespetatu egin zituen lasterkariak eta jende andana bertaratu zen animalia polit hauek bertatik bertara ikusi ahal izateko. Itsasbehera aprobetxatuz, hondartzan 700 metro inguru neurtzen zituen zirkuituari hiru itzuli eman behar izan zizkieten parte-hartzaile guztiek. Guztira, hamabi zaldi lehiatu ziren, bi txandatan banatuta, eta txanda bakoitzeko hiru onenek finalerako txartela eskuratzen zuten.

Lasarteoriatarrek ez zuten aparteko arazorik eduki sailkatu ahal izateko eta finalean argi geratu zen maila onean daudela bai zaldiak baita jockeyak ere. Xanti Telleriaren "Estai" behorrak irabazi zuen urrezko domina eta "Ibio" zaldia berriz, hirugarren izan zen Donostiako paraje zoragarrian jokatu zuten finalean.

Aste Santura arte

Egindako lan bikainaren ostean, atseden hartuko dute "Estai" eta "Ibio" odol-garbiek. Hurrengo zitak Lekeitio eta Zumaiako hondartzetan izango dituzte, baina ez Aste Santura arte.
Beraz, denbora dute indarberritu eta udaberriko denboraldiari gogoz ekiteko. Gero, udaran, belarretan arituko dira eta bitartean, Xanti Telleriak Pepene baserrian zainduko ditu tentuz.