Eider Elizegik eskalatzeko modua aldatu zuen duela hiru urte. Orduan argazki kamara arnesetik zintzilikatu zuen orain liburua osatzen duten argazkiak ateratzeko asmotan. Emaitzarekin pozik da eta liburuaz gain, argazki erakusketa ere prestatu du.
Bigarren liburu “El hilo gris” honetan argazkiak eta testuak biltzen dituzu. Lehenengo liburuarekin alderatuz oso desberdina da. Zergatik?
Bai, desberdina da, hasteko formato aldetik, bigarren honetan argazkiek duten garrantziagatik eta testuak laburragoak direlako. Noski, gaia ere desberdina da, eskalada kasu honetan. Lehenengo liburua urdina zela esango nuke; bigarren hau berriz laranja kolorekoa da.
Baina bada bietan nagusi den zerbait: biak oinarritzen dira bizigabea den zerbaitetan, edo hori izan da asmoa, behintzat. Ez dakit lortu nuen, baina “Mi Montaña”-n Mendiak berak izan nahi zuen protagonista. “El hilo gris”-en, arrokak daude lehen planoan.
Haitzen edertasuna erakutsi nahi izan duzu. Hain bereziak al dira?
Eskaladak nire bizitzaren zati bat betetzen du orain, bai. Baina alde deportibotik baino, alde estetikotik begiratzen diot kirol honi.
Bai, oso dira bereziak harkaitzak, inguruan dauzkagun gauza gehienak bezala. Baina gehienetan ez diegu gauza bizigabeei arretarik eskaintzen: eskaladaren munduan, argazki, liburu, testu, aldizkari… guztiak, gizakiaren meritoan zentratzen dira: zailtasunean, markan, teknikan; baina eskalatzen dugun bitartean zeharkatzen dugun haitzaren edertasunean ia ez du inork erreparatzen. Hori da, aldiz, “El hilo gris”-ek eskaintzen duen begirada.
Argazkien artean zein da gehien gustatzen zaizuna?
Ez naiz gai sentitzen argazki bakar bat aukeratzeko. Urte eta leku askotan ateratako argazkiz osatua dago liburua eta bat aukeratzea ezinezkoa egiten zait.
Liburua egiteko garaian ere ez nintzen gai izan nituen milaka argazkien artean 70 bakarrik aukeratzeko. Liburuaren diseinua eta maketazioa Rebekak, nere ahizpak egin ditu, Alehop, bere diseinu estudiotik. Bera izan zen argazkiak aukeratzen lagundu zidana.
Argazki liburua dela esango al zenuke?
Argazkien aldetik, harkaitzek berengan margotu dituzten margolanen katalogo bat dela esango nuke. Testuak berriz, eskalatzen dugun bitartean sentitu daitezken sentsazio txiki posible batzuen bilduma.
Argazki erakusketa bat ere bada...
Bai. Esan bezala, material asko bidu dut liburua buruan nuela eskalatzen pasa ditudan azken urte hauetan. Horregatik, liburutik at geratu den materialaren zati bat argazki erakusketa txiki batean bilakatu da.
“El hilo gris” albumean, topa daiteke irudi sorta: www.flickr.com/photos/vagamontanyas/
Eskalatzaileak ez direnentzat, zer dago liburu honetan?
Arroketan bilatzea espero ez duen irudi sorta eder bat. Pintura katalogo bat da eta kirol honetan aritzeko arrazoietako batzuk. Begiekin bakarrik ez, azalaren bitartez irakur daitekeen liburua da; aire librea, haitzaren testura eta koloreak, arnasa hartzearen poza dastatu ahal izango ditu irakurleak.
Zergatik “El hilo gris” izena?
Hasiera batean proiektuari beste izen bat jarri nion. Liburuan bada atal bat eskalada-bideen izenei buruz hitzegiten duena. Orri horretan, “el hilo gris” deitzen den Araotzeko bide baten argazkia azaltzen da. Liburua diseinatzen ari zirela, Victorri (Rebekaren kidea), argazkia ikusi zuenean, izenburu hori bestea baino egokiagoa iruditu zitzaion, abstraktuagoa, liburuaren bertsio berria hartzen ari zen kolorearekin adostasun gehiago zuena eta hala geratu zen.
Hurrengo proiektua zein izango den buruan al duzu?
Proiektuak bai, ugari. Baina horietatik osotasuna duen zerbait sortu, borobildu eta batez ere argitaratu ahal izatea, alde handia dago!
“Vagamontañas” bloga zure egunkari pertsonala dela esan daiteke. Zergatik hasi zinen gogoetak sarean jartzen?
Bai nire egunkari pertsonala da. Andeetara sei hilabetez joan nintzenean hasi nuen bloga. Ordurarte ez nuen inoiz niretzako idazten ohi nuena publiko egin edo konpartitu. Behin pausoa emanda asko gustatu zitzaidan sentsazioa. Itzuli nintzenean nolabait bidaiatzen jarraitu nuen furgonetarekin alde batetik bestera eta baita idazten ere.
Oso atsegina da blogaren bitartez jendearekin harremanetan egotea eta bizi ditudan esperientzia eta gogoetak beraiekin elkarbanatzea. Bestalde, sortzen dudan materiala ordenatzeko ere aitzaki ona da bloga.
Non zaude momentu honetan? Euskal Herritik urrun?
Bai, urrun, Pirinioen beste muturrean. Azken urte hauetan daramadan bizimoduaren oinarrietako bat horixe da, lurrak ez duela mugarik ezagutzen eta furgoneta aparkatzen dudan lekuan, etxean nagoela sentitzen dut.
Nondik mugituko zara negu honetan? Proiektu finkorik ba al duzu?
Momentu honetan mendi tartean aurkitu dudan kabitxo batean nago, proiektu desberdinei forma ematen. Baina nere furgoneta ez dago geldirik.
Ez dut luzera planik egiten, datorren astean Donostiara noa liburuaren aurkezpena egitera eta gero ikusiko dugu!
