Kontsumo ohiturak aldatu eta hondakinak murrizteko ekimenak

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urtarrilaren 23a

Sanmarko mankomunitateak hiru ekimen jarri ditu martxan Aste Santura bitartean. Honakoak hamar udalerrietan sortzen diren hondakinak murrizteko helburua dute eta Lasarte-Oria da horietako bat.
Etxeetan sortzen ditugun hondakinen kantitatea murrizteko ekintza hirukoitza prestatu du Sanmarko mankomunitateak hamar udalerrietan.
Lasarte-Oria dago horien artean eta Aste Santura bitartean, biztanleriaren hiru mailatan burutuko ditu ekintza ezberdinak.
Lehena ohi bezala eskoletan egingo da "Murriztu Zirt edo Zart" deiturikoa, bigarrena etxeetan "Eko Shopper" eta hirugarrena herritar guztien parte-hartzea sustatzeko helburua duena, Bigarren eskuko produktuen azoka "merka2sanmarcos" da.
Ekimen hauek Mankomunitateak hondakin gutxiago sortzeko duela hamarkada bat baino gehiago hasitako sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainaren baitan kokatzen dira eta helburua kontzientziaziotik ekintzara jotzea da.
Ikastetxeetako jarduera jolasen bidez garatuko da gela ezberdinetan. Jolas eta dinamika hauen helburua ikasleek hondakin gutxiago sortzeak duen garrantzia ikustea da baita hondakin hauek sortzen dituzten arazoak ezagutzea ere. Hiri-hondakinen gaineko ezagutzak hedatuko dira prebentzioan arreta berezia jarriz.

Erosketa-aholkularia

Aurtengo berritasuna "Eko Shopper" ekimena da. Jendeari erosketa egiten lagunduko dion aholkulariaren figuran oinarritzen dena.
Honen lana erosketetan jasangarritasun irizpideak aplikatzen laguntzea izango da etxeetan ere ahalik eta hondakin gutxien sortzeko helburuarekin.
Honako ekintza otsailean burutuko da eta parte hartuko duten familia boluntarioak bilatzen ari dira. Proiektuan 100 etxek parte hartzea nahi dute Mankomunitatetik.
Dagoeneko izena eman daiteke otsailaren 5a bitartean 943 670 249 telefonoan, www.sanmarko.net web gunean dagoen formularioa betez edota Urbil merkataritza gunean urtarrilaren 27an 16:00tatik 22:00tara jarriko den informazio gunean.
Gainera, parte-hartzeagatik erosketa-orga bat emango da opari.

Bigarren eskuko merkatua

Azkenik, martxoaren 17an herrian egingo da merka2sanmarcos, bigarren eskuko produktuen azoka handia.
Honakoa Okendo plazan kokatuko da eta eguraldi txarra egitekotan Loidibarrengo pilotalekuan jartzea aurreikusita dute antolatzaileek.
Mankomunitatetik herritarrak ekimen hauetan parte-hartzera animatu nahi ditu hondakinak murriztea posible dela eta guztien lana dela azpimarratuz.