“Zuk Esan!” bloga abian jarri du Udalak

jon-altuna-iza 2012ko urt. 23a, 01:00
Buruntzaldea.org eskualdeko euskara eta kirol zerbitzuen web orrialdeari “Zuk Esan!” izeneko bloga gehitu diote, herritarrekin harremana sendotzeko eta hauen iritzia ezagutzeko helburuarekin. Euskararen aldetik Udalaren eskaintza eta jokabideari buruz herritarrek duten ikuspegia ezagutu nahi dute eta hauen iritzia eskatu dute blogaren bidez: “Esan, esan, zure esanetara gaude eta” dio Lasarte-Oriako Udalak.
Herritarrek aukera izango dute beraz “Zuk Esan!” blogean euskararen erabileraren inguruan dituzten proposamen, kezka eta arazoak Udal arduradunei jakinarazteko. Lasarte-Oriako euskara zerbitzuak jarri du martxan egitasmoa eskualdeko beste zerbitzuekin batera, bi helbururekin: batetik egiten duten lanari buruz herritarrek duten iritzia ezagutu eta gerora zeregin hori hobetzeko, eta bestetik, zerbitzu horien eskaintza zabala eta martxan diren egitasmoak herritarrei ezagutarazteko, erabiltzeko modua ere izan dezaten.
Pablo Barrio alkateak adierazi duenez, legealdi hasieratik esan dutenarekin, “herriari leihoak irekitzearekin” alegia, bat egiten du egitasmoak: “beste leiho bat da kaleko iritzi eta proposamenak jasotzeko, beste bide lagungarri eta beharrezkoa. Lan tresna garrantzitsu bezala ikusten dugu”.
Boris Nogales Euskara, Hezkuntza eta Kultura arloko zinegotziak ere antzeko iritzia dauka: “Buruntzaldea.org orrian lekutxo bat dute herritarrek euren proposamenak egiteko. Erabilgarria izango da, iritzi horiek kontutan izango ditugu eta lagungarri izango dira”.
Udaleko arduradunek uste dute herritarrek izango dutela euskararen ikuspegitik egiten den lanaren inguruan zer kontatua, eta argi dute, informazio hori, herritarren esperientziaren berri izatea eta jakitea, alegia, lagungarri izango dela gero Udalak jardun egokia eskaini dezan: “Izugarri lagunduko digu euskararen erabileran Udalak hobetzeko dituen alderdiak ezagutzen. Eta beste aukera bat ere emango digu blogak: euskarazko udal zerbitzuak ezagutzera ematea eta erabil ditzaten animatzea”.
Dena den, abenduan bloga martxan jarri ondoren, Udalak informazio bilketan paper aktiboa hartu eta gune konkretuetara jo du, euskaltegietara esaterako, euskara ikasten ari direnek duten iritzia ezagutzeko. Blog sortu berria ikasle hauek probatuko dute beraz. Gainera Udaletxeko langileen iritzia ere jaso du Euskara zerbitzuak.
“Zuk Esan!” blogaren bidez, Udalarekin euskararen inguruan herritarrek izandako esperientziak jaso nahi dituzte: “aukera izango duzue, zuen bizipenak kontatzeko, proposamenak egiteko, kexak adierazteko... Betiere, kontuan hartu hizkuntzaren ingurukoak izan beharko dutela. Esaterako: udal zerbitzuren batera joan zaren batean sentitu al duzu zure hizkuntza eskubideak urratuak izan direla? Udal langileari euskaraz zuzendu eta berak gaztelaniaz erantzun al dizu? Gertatu al zaizu euskaraz jaso duzun informazioa ulergarria ez izatea? Zer egin duzu horrelakoetan? Ekimen honek gure zerbitzua hobetzen lagunduko digulakoan, bertan parte hartzera animatu nahi zaituztegu!”.
http://euskara.buruntzaldea.org/euskara/zuretzat-bereziki/zuk-esan/ helbidean eskaintzen da aukera hori.