Jesus Zaballosen esanetan, bere alderdiari gobernuan egon bitartean beti leporatu zitzaion aurrekontuak garaiz ez aurkeztea hau da, urteko azken astean dagoeneko hurrengorako kontuak itxita ez egotea. “Estitxu Alkortak egiten zigun bereziki kritika hori eta orain, hasteko beraiek ez dituzte abenduan aurrekontuak aurkeztu eta gainera udaleko langileek egin beharrean, berak aukeratutako kanpoko enpresa bati eman nahi dio lana”. Salatzekoa da Zaballosen iritziz, enpresa horren hautaketa izan ere, “enpresa horri bakarrik eskatu zaio aurrekontu bat”.
Gehiegizko gastua
Sozialistentzat “onartezina” da lan hau udaletik ateratzea jakinda udal kontu-hartzailea ez dagoela ados erabakiarekin eta gainera “nahiz eta kanpoan egin aurrekontuen borradorea ondoren, langile honi dagokio dena begiratu eta oniritzia ematea. Alferrikako lan bikoitza da gure ustetan ”.
Bestalde, lan honengatik 6.000 euro inguru ordaindu beharko zaizkio enpresari aurreikuspenen arabera, 50 euro orduko. “Beharrezkoa ez den zerbitzu batengatik diru kopuru hori ordaintzea gehiegizkoa dela iruditzen zaigu eta gehiago gauden egoera ekonomikoan”. Jesus Zaballoek azpimarratu nahi izan du, aurrekontuak udalean egitekotan bere alderdiak ez duela arazorik jarriko “hauek martxoan aurkezten badira ere”.