Topo egin dugu kiroldegian: aspaldiko! Bai, aspaldiko! Tarteka, aldageletan gurutzatu gara justu-justu agurtzeko denborarekin. Halere, udal kiroldegia ireki zenetik, orduan eskaintzen ziren ikastaroetan ibiltzen ginen.
Gogoratzen zara? -galdetu dit bizikleta gainean berotzen ari ginela-, garai hartan neska ia bakarrak ginen gimnasioan zein klaseetan. Bai, horrela zen -esan diot-. Egun ordea, kiroldegia txikia geratu da, asko hazi da Lasarte-Oria, ezta? Baietz esatekotan egon naiz baina.... Ba, ez dakit -erantzun diot-, esango nuke herriko populazioa ez dela hainbeste handitu.
Bizimoduan antzematen ditut nik aldaketa nabarmenenak. Kirol jarduera gure egunerokotasunean txertatu da. Baina zein harreman dugu kirolarekin? Osasuna eta estetikarekin loturiko argumentuak nagusitu dira, bereziki, adinduen artean (45-50etik gorakoak).
Gainera susmoa dut horretan herriko emakumeek apustua egin dutela eta beraiei esker handitu dela kiroldegiko bazkideen kopurua. Jolasa eta dibertsioa dira, aldiz, umeak (5-12 bitartekoak) kirolean aritzeko arrazoiak. Hor neskak eta mutilak pareko dabiltza nahiz eta askotan batzuk zein besteak eremu bananduetan aritu (zenbat mutil soinketa erritmikoan?, zenbat neska futbolean?). Eta gazteak (12-25 urtekoak)? Eta 30-40 urte bueltan dabiltzanak? Badut hurrengo zutaberako gaia…