AA taldeak egoitza berria du

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urtarrilaren 27a

Duela lau urte hasi zen lanean, Alkoholiko Anonimoen Lasarte-Oriako taldea Villa Mirentxu eraikinean eta Gipuzkoa osoko 350 bat familia pasa dira taldetik. Orain Uzturre plazako lokalean hasi dira lanean.

Alkoholiko Anonimoen bulegoa Txara eraikinean zegoen lehen, Intxaurrondo auzoan, eta lehen aldaketa Lasarte-Oriara etortzea izan zen. “Villa Mirentxu eskaini ziguten eta leku aproposa zela iruditu zitzaigun. Baina Udalak hitzaldi aretoari eman nahi dion erabilera eta gure proiektua ez datoz bat. Eta gure lana ongi gauzatzeko lekuz aldatzea erabaki genuen” azaldu digu Josean Alkoholiko Anonimo AAetako arduradunak.
Taldea Lasarte-Orian dagoenetik 350 bat familia izan dira laguntza eske pasa direnak. Gipuzkoa osokoak izan dira gainera, “eremuko erreferente bilakatu zen taldea. Herrialdeko jendea etortzen zen Zarautz, Oiartzun, Tolosa... Lasarte-Oriako jende asko ere izan da, baina askok beste herrietara jo dute anonimatua mantentzeko” adierazi digu.
AAetako arduradunak aipatu duenez, “lehenengo bi urteak oso garrantzitsuak dira sendatze prozesurako. Alkoholismoak estigmatizazio handia du eta kideen anonimatua eta osasun mentala mantendu behar ditugu”.

Ekintzak

“Horregatik, bilera itxiak egiten ditugu. Baina lurralde mailako ekintzak ere egiten ditugu, zerbitzu desberdinak gainera: lurraldeko telefonoaren arreta eta ospitaleetara eta psikiatrikoetara bisitak egiten ditugu, astero” jakin arazi digu arduradunak.
Eta honetaz gain, “Gipuzkoako eskola guztietan hitzaldiak ematen ditugu, erizaintzako eskolan monografiko bat egin genuen eta psikologiako unibertsitatean ere izan gara. Osasun zentro guztietara joaten gara eta enpresekin ere lan egiten du”.
Herriko taldeak gainera, aurkezpenen horiek prestatzen ditu, ”gure taldeak egindako aurkezpenak dira, nahiz eta Gipuzkoako taldearen izenean aurkeztuak izan”.

Gaixotasuna

Baina oraindik lan handia dagoela onartu du Joseanek, “alkohola droga bat da. Gizarteak onartu duen droga gogorra da”.
Eta AAko arduradunak azpimarratu duenez, “alkoholismoa gaixotasuna da eta eragin handia duena. Minbiziak baino heriotza gehiago sortzen ditu. Ez zuzenean. Ezkutuan, gaixotasun asko sortu baititzake”.
Gainera, gizarteak alkoholzaleen egoera onartu behar duela ere adierazi digu, “jendeak normaltasunez edan dezake alkohola, baina ulertu behar du, zenbait pertsonek ezin dutela normaltasunez edan. Gaixotasun bat dut eta eragina dauka nire egoera fisiko eta mentalean”.

Lokal berria

Lan hori guztia, AA taldeko kideek Uzturre plazako lokalean egingo dute hemendik aurrera.
Bertan egingo dituzte bilera itxiak eta hilabeteko bilera irekiak ere bai. Baina aldaketa bat dagoela jakinarazi digu Joseanek, “hitzordua, lehen, hilabeteko lehenengo astelehenean bazen ere, orain lehenengo ostiralean izango da”.
Tamalez, lokal berri honek arazo bat sortu die, “mantenua eta lokala ordaindu behar ditudu. Eta ez dugu inongo laguntzarik. Taldeko kideek ematen duten gutxiarekin ordaindu behar da guztia. Ikusi beharko dugu noiz arte egon gaitezkeen honela”.

Urteurrena

Honetaz guztiaz gain, otsailaren 3an, taldea Lasarte-Orian sortu zenetik lau urte beteko dira eta bilera irekia egingo da.
AAko arduradunak aipatu diguenez, “Osasun jardunaldietan egon zen Kristina Saez de Arrregi psikiatra gure artean egotea espero dugu. Honek alkoholismoari eta droga desberdinei buruz asko daki. Estatu Batuetan lanean egon da urte askotan Alkoholiko Anonimoetako taldeekin”.