"Ogro Txikia" haur antzerkia kultur-etxean

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urtarrilaren 27a

Antzezlanean sei urteko ogro txikia da protagonista. Honek bere patua aldatu nahiko du eta ogro sena eta desio basatiei aurre egin. Hau lortzeko ogrotxoak hiru froga gainditu beharko ditu.
Protagonista txikiak aitarengandik jaso du haragi xamurrarenganako gogoa eta amak, aldiz, munduarekin bakean bizitzeko grina oparitu dio. Horrela antzezlan osoan zehar protagonistaren beldurrak, arazoak eta zalantzak islatuko dira.
Gorakada antzerki taldearen lana da larunbatean Manuel Lekuona kultur-etxean 18:00etatik aurrera ikusi ahalko dena eta sei urtetik gorako haurrei zuzenduta dago.

Antzezlan saritua

Gorakada antzerki taldeak Suzanne Labeau egile frantziarraren “L´Ogrelet” lana moldatu du euskarara.
Durangoko konpainiak FETEN Europako Arte Eszenikoen Topagunean “Ogro Txikia” lanarengatik saria jaso zuen. Hain zuzen ere haurrentzako antzezlan hoberenaren saria, testu originalaren moldaketa bikaina izateagatik.
Honetan Iñake Iraztorza, Aritza Rodriguez eta Javi Tirado aktoreek hainbat txotxongilorekin bat egiten dute agertokian ikuslea fantasiazko mundura erakarriz.

Sarrerak on line

Ordu beteko iraupena izango du antzezlanak eta sarrerak dagoeneko Manuel Lekuona kultur-etxeko leihatilan 3,40 eurotan daude salgai. On line erostekotan berriz, www.lasarteoriasarean.eu webgunearen bitartez 3 eurotako kostua izango dute, lehiatilan baino merkeagoa.
Gainera, Kultura sailak aurreratu bezala, lehen bi sarrera bikoitzen zozketa burutu du hilabete honetan “Ogro Txikia” lanerako hain zuzen ere.
Zozketa hau webguneko harpide guztien artean egin zen asteazkenean eta sarituek honen berri izan dute posta elektroniko bidez.
Boris Nogales zinegotziaren hitzetan “sarreren zozketak martxan jarri dugunetik harpidetza handitu egin da webgunean eta biztanleak zozketari buruz galdetu izanak erabaki ona izan dela uste dugu”.
Nahiz eta urtarrileko zozketa jada egin den, kultura sailak herritarrei gonbidapena luzatu die www.lasarteoriasarean.eu webgunean harpidetu daitezen, “hurrengo hilabeteetan zozketak egiten jarraituko dugulako”.
Web-guneko “lasarteoria berriak” atalean egin daiteke harpidedun email helbide bat emanez.