"Aurrekontuak aurkeztea da lehentasuna"

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urtarrilaren 27a

PSE-EE alderdiak 2012. urteko aurrekontuei buruz egindako adierezpenei erantzun diote Bildu, EAJ eta LOHP alderdiek gaur goizeko prentsaurrekoan.
Estitxu Alkorta Ogasun saileko buruak azaldu duenez, “Udaletxean lan egiten hasi ginenean, gure lehentasuna 2012 urteko aurrekontuak lehenbailehen aurkeztea izan zen. Izan ere, 2008 urtetik ez dugu aurrekonturik izan”.
“Lan egin dugu sail bakoitzean aurrekontuak kuadratzeko. Falta dena dokumentu teknikoa egitea da,” jakin arazi du.
Alkortak adierazi duenez, momentu honetan ogasun departamenduak eta orohar udaletxe guztiak lan-karga handia du aurreko urteetan eraman den kudeaketa txarraren ondorioz eta orain dauden gizabaliabideekin ez lirateke iritsiko aurrekontu batzuk garaiz aurkeztera. “Hori dela eta, Udalaz aparteko laguntza eskatzera behartuta ikusi gara kontuhartzailetzako departamenduarekin batera elkarlanean lan egingo duena,” azpimarratu du.
Pablo Barrio alkateak onartu duenez, “laguntza puntuala izango da eta Udalaren egungo egoerari erantzuten dio”.

Kudeaketa eza

Honetaz gain, Alkortak gogoratu du, “PSE-EEk gure kudeaketa ezari buruz hitz egiten du. Baina 2010ean Zaballos ez zen aurrekontuak negoziatzeko gai izan. Gainera, 2010eko azaroan aurkeztu zituen. Ez dugu egoera horretan ikusi nahi gure burua”.
Era berean, aurrekontuak egiterakoan aurreko Udal gobernuak utzitako hainbat arazorekin aurkitu direla aipatu du Pablo Barrio alkateak.
Hala nola, Hiribusaren legez kanpoko zerbitzua, Udaletxe berriaren 600.000 euroko gainkostuari aurre egin beharra, Zabaleta auzoaren lokala, frontoi estalia eta parkea egiteko sinatutako 800.000 eurotako hitzarmena edo Atsobakar erresidentziako autobusaren zerbitzua bitan ordaintzen zela.
Hala eta guztiz ere, prentsaurrekoan adierazi dutenez, 2011ean egindako gastuen kontentzioari esker Udala gai izango da Aldundiari dagokiona ordaintzeko. “Honek, eramandako gestioari esker, ez dio eragingo 2012ko aurrekontuari,” aipatu du Estitxuk.
Azkenik, Bildu, PNV eta Plataformak 2012ko aurrekontuak garaiz aurkezteko eta aprobatzeko konpromezua berretsi dute.