Denak txapeldun Nazioarteko Krosean

Txintxarri 2012ko urtarrilaren 29a

Hotza, euria eta lokatza izan dira aurtengo Nazioarteko Kroseko protagonista nagusiak. Etxean geratzeko moduko eguraldia egiten bazuen ere, kategoria ezberdinetan banatutako 545 atletek lortu dute Hipodromoko helmuga marra zeharkatzea.

Txapeldun handiak dira guztiak. Izan ere, termometroak lau gradu besterik ez zituen markatzen eguerdiko hamabietan eta euria present egon zen uneoro, nekaezin.
Aste osoan zehar botatako zaparraden ondorioz, zirkuitua erabat lokaztuta geratu zen eta ikustekoa zen korrikalariek zeramaten sufrimendua, lohitik hanka ezin atera, eman eta eman, metrorik aurreratzen ez zuten sentsazioarekin.
Bitxikeria gisa, aipagarri da, korrikalari bat baino gehiago sartu zela helmugan oinetakoa eskuan zuela.

Denbora kaxkarrak

Metereologiaren laguntzarik gabe, zaila da denbora onak egitea eta igandean ohi baino dezente motelago egin zuten lasterka denek. Esaterako, aurreko urtean Kiprono Menjo keniarrak markatutako denbora baino zazpi minutu goitik aritu zen Kigen herkidea.

Herritar bakarra

Aurtengo edizioan, Gonzalo Sukunza korrikalari nekaezina izan genuen lasarteoriatar bakarra.
Herritarrak 69. postuan amaitu zuen lasterketa, 47:45eko denbora eginda. Beste urte batzuetan baino ordezkari gutxiago izan ditu aurtengoan Lasarte-Oriak Nazioarteko Krosean.