Gipuzkoa desberdin baten alde!

Txintxarri 2012ko urtarrilaren 30a

Gipuzkoa ez da lurralde eremu handia, baina azken urteotan kontrolik gabe eta modu arduragabean ustiatua izan da gure zonaldea.
Desarrollismo jasangaitz bati jarraituz, herritarron beharrak asetzera baino, interes partikularrak asetzera bideraturiko politikak modu basatian erasotu dute ingurugiroa.
Gaur egun horren adibide garbia diren hainbat proiektu ditugu: Abiadura Handiko Trena, Erraustegia, Pasaiako Kanpo Portua... Hauek ordea, ez dira gipuzkoarrok behar ditugun azpiegiturak.
Horregatik, otsailaren 4rako, manifestazioa deitu dute gai honetan konprometituta dauden hainbat eragile sozialek "Gipuzkoa desberdin baten alde! Azpiegitura lan handiak gelditu!" lemapean. Donostiako Boulevard-etik abiatuko da manifestazioa larunbat arratsaldeko 17:30etan, amalurra errespetatuz, gipuzkoarron beharretara bideratutako eredu sozial bat aldarrikatzeko.
Hori dela eta, otsailaren 1ean, asteazkenez, Akelarre Gazte Kolektibokook hitzaldia antolatu dugu Villa Mirentxuko hitzaldi aretoan arratsaldeko 19:00etan.
Bertan, aurrez aipatutako proiektu handien xehetasunak azalduko ditugu eta Donostiako manifestazioaren nondik norakoak ere izango ditugu mintzagai.
Beraz, herritar oro eta batez ere gazte jendea animatu nahi dugu eskainiko dugun hitzaldira gerturatu dadin. Era berean, larunbateko manifestaziora joateko deialdia luzatzen diegu herritar guztiei.

Akelarre Gazte Kolektiboa