“Erasorako jarrera barneratua dut”

jon-altuna-egitegi 2012ko urtarrilaren 30a

Umiltasunez, baina era berean esaten duenaz ziur mintzo da Julen Altuna, Fullgas taldeko ziklista. Urteko helburuak karreterako denboraldian jarrita baditu ere, pista denboraldian zoragarri aritu da. Lehen urtekoa izan arren, 10 probaz osatutako Neguko Challengean 9. postua eskuratu du. Gipuzkoako Pista Txapelketan berriz, kukuak oker jo zion eta ezin izan zuen mailarik onena eman erdi gaixo aritu baitzen.

Zer moduz ibili zara Gipuzkoako Pista txapelketan?
Ez nahi bezain ondo egia esan, erdi gaixo egon bainintzen. Egun pare bat jan gabe igaro nituen eta ez nintzen indar askorekin aurkitu.
Ekipoak, aldiz, gerra eman zuen ohi duen modura. Taldeko txirrindulari guztiok saiatzen gara, baina gehienak 1. urtekoak garenez, ikuskizun pixka bat ematen eta ondo pasatzen ahalegintzen gara.

Eta Challengean?
Pertsonalki oso ondo ibili naiz, nik uste baino askoz hobeto. Udan lesioa izan nuen eta lehenengo urtea izateko primeran aritu naiz, oso gustura. Batez ere lehenengo probatan aritu nintzen ondoen. Lotsagabe erasotzen nuen, eta proba ezberdinetan puntu batzuk bilduta, azkenean bederatzigarren postuan amaitu nuen Challengea.

Pista ala errepidea nahiago?
Errepidea nahiago dut, baina pista ere gustatzen zait. Jende askok torturatzat hartzen du daukan peralte nabarmenagatik. Oso egokia da pista neguan entrenatzeko eta ziklokrosik ez dugu egiten gure taldean. Aurredenboraldian ariketa fisiko edota korrika asko egin ez dugunez, pistako entrenamenduen bidez prestatu gara batik bat karreterako denboraldiari aurre egiteko.

Pista seguruagoa al da?
Pista segurua da ikusten baduzu inguratzen zaituzten txirrindulariek egoera kontolpean dutela. Izan ere, hasierako urteetan infantilak beldur dezenterekin aritzen dira edota azkarregi nahi izaten dituzte helduak imitatu.
Egia esan, badut pistarekin anekdotaren bat... 1. urteko kadetea nintzela belodromoan erori eta klabikula hautsi nuen, baina ez diot beldurrik hartu. Gerora, beste behin hautsi dut lepauztaia.

Aurretik beste kirolen bat egin al duzu?
Bai, futbolean aritu nintzen, atezain. Nik betidanik egin izan ditut kirol dexente: Pilota, atletismoa... Bizikletan berriz, familiatik datorkit afizioa, udaran aitarekin buelta batzuk ematera joaten nintzen txikitan eta aukera badugu Tourra ikustera joaten gara.

Zer dauka txirrindularitzak beste kirolek ez dutena?
Euskal Herrian eta Gipuzkoa mailan bereziki oso mundu polita eta erakargarria da txirrindularitza, txirrindularion artean dagoen giroa oso ona da, maila guztietan esango nuke. Tropeleko giroa bikaina da, denboraldia amaitzean “pelotoiko afariak” egiten ditugu eta sekulako giroa izaten da.
Batez ere esango nuke elkarrekiko errespetua dagoela. Egon zaitezke aurkari batekin lehia betean belodromoko 20 itzuliko lasterketan, baina bukatu orduko berarekin hitz egiten ari zara. Gainontzeko taldeetako txirrindulariekin dagoen giroa aparta da, beste kiroletan ez dut hori ikusten.

Jendeak uste du erotuta zaudetela. Errepideko arriskua, sufrimendu izugarria, etxetik urrun lasterketak... Merezi al du sakrifizio horrek guztiak?
Nik uste baietz, merezi duela. Oso kirol sufritua da, egia da, eta denbora ondo antolatu beharra duzu. Askotan ezin dituzu egin gustora asko egingo zenituzkeen gauzak, eta bizitzan denbora asko kentzen dizun kirola da txirrindularitza. Baina nik uste aukera ona dela, batez ere taldean daukagun giro onagatik

Txirrindulari guztiak dopatuta doaz" edota "Ezin da itzuli handirik bukatu makarroiak soilik janez" bezalako esaldiek zer sentipen sortzen dizkizute?
Lagun berriak egitean, eta ziklista naizela esaten diedanean, beste aurpegi bat jartzen didate. Ez dakit txantxetan edo serio egiten duten, baina kasu hori eman izan zait. Automatikoki gai hau ateratzen dute, topikoz blai.
Kirol hau oso garbia da, garbiena dela esatera ausartuko nintzateke, batez ere kontrolatuena dagoelako. Beste kiroletan halako kontrolak egingo balituzte...

Zein paper betetzen duzu, zuk, taldean?
Oraingoz ez dauzkagu bakoitzaren rolak zehaztuta, baina badauzkagu taldean txirrindulari pare bat ondo ibiltzen direnak. Ni, haiei laguntzen saiatzen naiz, baina gero egindako lanaren esker ona jasotzen dut eta horrek ere balio du.
Pertsonalki ez dut orain arte zorte gehiegi eduki lesioekin eta agian, ez dut nire burua nabarmentzeko aukera eduki oraindik.

Zure Taldearekin gustura? Betidanik nabarmendu izan da Donosti-Berri taldekideen artean dagoen elkartasuna, daukazuen giro onarengatik. Zein da sekretua?
Oso ondo portatu dira nirekin hasieratik. Segituan egin nituen lagunak, eta orain, jada ez gara txirrindularitzako lagunak bakarrik, orain benetako lagunak gara. Entrenatzaile eta zuzendariekin ere oso gustura nago. Taldeko afariak egiten ditugu noizbehinka taldea indartzeko eta orokorrean, talde berezia osatzen dugula esango nuke.

Zein dira zure aurtengo helburuak?
Esaten dutenez, kadeteetatik jubeniletara salto nahiko handia dago, baina hala ere, dena utziko dugu errepidean. Izan ere, ni konturatu naiz lasterketetan gerra ematea ez dela zaila.
Orain arte, kadete mailan erdi-ezkutuan ibili naiz, baina aurten pistan izan dudan jarrera aldaketa honekin jarraitzea dut helburu. Lehen, zentzu horretan nahiko lotsatia nintzen eta orain berriz, lotsagabe aritzen naiz. Beraz, aurtengoan tropelean gerra ematen eta lasterketak amaitzen saiatuko naiz.