Atsobakar egoitzako langileak kexu CLECErekin

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urtarrilaren 30a

CLECE eta Lasarte-Oriako udalak zaharren egoitza kudeatzeko akordioa urte betez luzatuko badute ere, bertako langileek arazoak konpondu gabe daudela salatu dute.
Sinatzear da Lasarte-Oriako Atsobakar egoitza kudeatzen duen CLECE enpresaren eta udalaren arteko akordio berria, beraz beste urtebetez luzatuko dute kontratua bi aldeek eta CLECE arduratuko da 2012an zaharren egoitzaz. Bien bitartean, egoitzako langileek ohar bat kaleratu dute euren arazoak konpondu gabe jarraitzen dutela salatzeko.
Egoitzak azken urteotan Aldundiak ezarritako langile kopurua baino gehiago ditu, baina langileen ustez, “guztiz beharrezkoak zerbitzua behar bezala emateko”. Langileek diotenez, Lasarte-Oriako egoitzan dauden pertsonek denetariko beharrak dituzte eta kasu askotan dedikazio osoa eskatzen dute. Kasu hauetarako, eskatu bada ere, ez da egoitzan unitate bereziturik, behar dutenei momentu oro zaintza ziurtatzen dien zerbitzurik.
Irauten duen afera
Egoera nahasia da langile, CLECE eta Udalaren artean. Langileen iritziz, lehen erruduna enpresa bera da, CLECE. Honek ez du langileen baja edota oporraldiak betetzeko epe mugatu baterako kontrataziorik egiten, beraz, langileak dira kideen falta ahal bezala bete behar dutenak. Enpresak ez ditu hutsuneak betetzen Udalak zein Aldundiak eskatutako langile ratioetan mantendu behar direla argudiatuz.
Bigarren “erruduna” Udala dela diote langileek. Honek gehiegizko gastutzat hartzen du zerbitzua eta koste hauek arintzeko asmotan, langile falta hori ez betetzeko agindua eman omen du. Udalak egoera ekonomiko estuak behartuta dela argudiatzen badu ere, langileentzat “aitzakia besterik ez da”. “Aitona-amonek pairatuko dituzte erabaki eta murrizketa horien ondorioak. Hauei eskainitako zerbitzua nabarmen eskasagoa izango baita”.
Egoera larria dela salatzen dute langileek euren lana bikoiztea ezinezkoa delako eta zerbitzuan nabari dela.

Kaleratzeak mehatxu

Enpresak aurreko astean aurkeztu zuen 2012rako lan egutegia eta langileen esanetan “bost langilek zazpi edo zortziren lana egin beharko dute”. Langileengan lan karga larria eragingo du honek eta “argi dago ez dela Lan Arriskuen Prebentziorako legea beteko”. Enpresak mehatxu egin die langileei, egutegia onartu ezean kaleratzeak egongo direla esanaz. Langileen ustez, “mehatxuekin subrogazioaren baldintzari muzin egiten dio eta udalak hala ere onartzen du”.
2009. urteaz geroztik soldata izoztuta duten Atsobakar zaharren egoitzako langileek, udalaren isiltasuna medio, dirua zor zaiela salatzen dute. Zerbitzu ona bermatu nahi dute langileek eta horregatik egin dituzte publiko euren aldarri eta salaketak.

PSE-EEren iritzia

Lasarte-Oriako alderdi sozialistak auziaren inguruan azaldu du, uztailetik dagoela langileei zor zaien dirua ordaintzeko partida udalaren esku.
2011ko uztailan ordaindu omen zuen Aldundiak, atzerapenarekin izan bazen ere, zor hau kitatzeko behar zen dirua: “ Beraz, ulertezina da oraindik ordaintzeke egotea kontutan izanda udalak baduela dirua”.