Hauen artean, Iñigo Ibarburuk Espainiako Txapelketarako beste gutxieneko bat lortu zuen 200 tximeleta proban eta Mikel Soto Euskadiko Txapelketarako sailkatu zen 400 libre proban.
Gutxieneko markak
Mikel Sotok lan handia izan zuen larunbatean, lau probatan parte hartu baitzuen eta txapelketa honetan zuen helburu nagusia lortu zuen: Euskadiko Txapelketarako gutxieneko marka lortzea.
"Eta bai erraz lortu ere, 400 metro probako gutxieneko marka 14 segundotan hobetzea lortu zuen, baita bere marka pertsonala minutu erdia baino gehiago hobetzea ere," azaldu du Buruntzaldea IKTko entrenatzaileak.
Era honetara, igeriketa taldeko infantil guztiak Neguko Euskadiko Txapelketan izango direla aipatu du Apeztegiak.
Honetaz gain, 50 libre frogan ere aritu zen Soto eta honetan ere bere marka pertsonala 5 segundotan hobetzea lortu zuen.
Era berean, Iñigo Ibarburuk eta Haitz Mitxelenak 200 tximela probako Espainiako txapelketako gutxieneko markaren bila joan ziren Ordiziara. Baina Ibarburu izan zen sailkapena lortu zuen bakarra.
Iñigo Ibarburuk "bikain igeri egin ondoren", bere marka pertsonala lau segundotan eta gutxieneko marka 2 segundotan hobetzea lortu zuen. Beraz, oraingoz, Iñigok Neguko Espainiako Txapelketan 100 eta 200 tximeleta eta 50 libre frogak izango ditu.
Honetaz gain, Iñigok 50 metro bizkar frogan marka pertsonala "bikaina" egin zuen.
Bestalde, Haitz Mitxelena marka gutxienekotik segundo batera geratu zen 200 metro tximeleta proban. Hala ere, "berriro ere bere lehengo urteko marka egitea lortu zuen, eta proba honetan ez da erraza," azaldu digu entrenatzaileak.
Gainera, Haitzek 50 metro bizkar proban marka pertsonala lortu zuen.
Neskak ere bikain
Itsaso Tolosak igeri egin zituen proba guztietan marka pertsonalak egin zituen. Eta azpimarragarria izan zen 400 metro libreetan egindako lana, "bere denbora onena 15 segundotan haustea lortu zuen eta tartean bere 200 libreko marka pertsonala ere hobetu zuen".
Jone Vazquez ere bikain aritu zen 400 metro libreetan, " bere marka 6 segundotan hobetu zuen".
Azkenik, Naroa Goikoetxeak 100 metro bular proban bere aurtengo marka berdindu zuen eta 50 metro libre proban marka pertsonala egin zuen.