Itsaspeko Zinema Lasarte-Orian ikusgai

Txintxarri Aldizkaria 2012ko urtarrilaren 30a

Danok Kide elkarteak Real Sociedad taldeko itsaspeko sailaren eta Lasarte-Oriako Udalaren laguntzaz Itsaspeko zinema zikloa antolatu du otsailean zehar Manuel Lekuona kultur-etxean. Saioak astelehenero izango dira, arratsaldeko 19:00etan eta ordu betez, nazioarteko film laburrak ikusi ahalko dira hauetan.
Gaur eguerdian Manuel Lekuonan egin den prentsaurrekoan azaldu dituzte ziklo honen nondik norakoak.
Danok Kideko Jose Luis Navarrok azaldu zuenez, “orain arte gizarte zinema zikloa egin dugu. Baina Danok Kideko hezkuntza iraunkorreko gaia zen itsaspeko zinea eta gure 50. urteurrena dela eta, interesgarria iruditu zitzaigun herritarrei zabaltzea”.
“Itsaspeko zinemak Donostian duen garrantzia eta arrakasta ikusirik, interesgarria iruditu zitzaigun Danok Kideren proposamena,” adierazi du Boris Nogales, kultura saileko buruak,
Real Sociedad taldeko itsaspeko saileko lehendakariak, Nano Cordovillak aipatu duenez, “egitarau zabala da. Guk antolatzen dugun Donostiako Nazioarteko itsaspeko zinema lehiaketan ikusitako filmak dira eta honetan, zein nazioartean sariak izan dituztenak.” Gainera, "itsas hondoko mundu berezia eta bertan dauden gauza harrigarriak" ikusi ahalko direla aurreratu du.