Bittor, bertan begiratzeko ispilu paregabea

Txintxarri 2012ko otsailaren 3a

Umil eta isilik joan zara gure artetik, handikeriari muzin eginez, beti bizi izan zaren bezala. Eta honek are eta gehiago nabarmendu ditu zure baloreak.
Zure elkartasuna eta laguntza behar izan dugunok, beti izan zaitugu hor. Zure erantzuna, beti berdina: "zerbait egin badezaket kontatu nirekin". Handia zinen Bittor!
Mitxelingo errepresaliatu, irakasle eta kooperatibista izan zinen. Zure analisien eta hausnarketen jomuga, gizarte justuago bat zen. Beti esaten zenuen etorkizuna gazteena dela, eta hauek pentsaraztera bultzatzea, ez hain gazteen lana zela.
Bittor, HB-ko zinegotzi izateko pausoa eman zenuen eta zintzotasuna eta lana oinarri zuen bidea jorratu zenuen. Hernaniko plenoetara joateaz gain, Lasarte-Oriako udalerriaren alde borroka egiteko erronka hartu zenuen eta udaletxeko obra batzordean arduraduna izan zinen. Lasarte-Oriako gaiak eta arazoak herrian erabaki zitezen lanean ekin zenuen gogor; beti aurreko ilaran, herriak behar zituen azpiegitura eta zerbitzuak izan zitzan: Hilerria, anbulatorioa, kiroldegia, udaletxea, kultur-etxea, institutua, ongizate soziala, plan urbanistikoa, etb.
Bittor, mendiaren maitale sutsua zinen. Tereren ondoan motxilarekin gogoratzen zaitugu. Naturari oso atxikirik beti. Porlanarekin egiten ari ziren hondamendiari gogor erantzun zenion eta zure jarrerak eta lanak eragin handia izan zuten Lasarte-Oriako lehengo arau subsidiarioetan.
Bittor, udalerriaren aldeko erreferendumean egindako lana ere izugarria izan zen, abstentzio aktiboaren %72-a lortuz. Argi utzi zenien deskalabru horien arduradunei, gure herriarekin, Lasarte-Oriarekin, zor historikoa zegoela aspalditik.
Bittor, bertan begiratzeko ispilu paregabea zara. Zu eta zu bezalako pertsonek, egoera berri bat ekarri duzue Euskal Herrira.

Agur eta ohore

Lasarte-Oriako ezker abertzalea