Badatoz inauteri olinpikoak!

maider-azurmendi 2012ko otsailaren 3a

Olinpiar Jokoak Lasarte-Orian jokatuko dira inauteri hauetan. Dagoeneko finkatuta daude, otsailaren 18an, inauteriak direla eta, herrian burutuko diren ekintza nagusiak. Antortxa olinpikoak ibilbidea egingo du goizean txaranga eta lurralde ezberdinetatik iritsitako kirolariekin festa egunari hasiera emateko.

Inauteriak badatoz eta herritarrak dagoneko euren mozorroak prestatzen ari dira. Olinpiadak da aurtengo mozorro gaia eta nola ez, kirol ekimen handi honetarako asko izango dira antolatutako ekintzak.
Londresko Joko Olinpikoak txiki geratuko dira Lasarte-Oriatarrek inauterietako larunbaterako prestatutako festa handiarekin. Lehen ekimena 12:00etan antortxa olinpikoaren iritsiera izango da.
Antortxak herrian zehar ibilbidea egingo du txaranga eta kirolari anitzez lagunduta. Horrela su olinpikoak herriko hamabi tabernetan egingo du geldialdia. Horrela tabernatan egun osoan piztuta egongo diren antortxak pizten joango dira.

Tapeo olinpikoa

Ibilbidea egin ostean, Okendora egingo du buelta antortxak eta bertan kokatuko da festaren ikur eta hasiera izan dadin.
Ondoren, plazan, ikuskizunak eskainiko dituzte herriko bi koadrilek, ATC saskibaloi taldeko jokalari ohiek osatzen duten “Zumetarrak”eko kideek eta Zakili beltz-ekoek. Haurrek bestalde, herri kiroletan aritzeko aukera ere izango dute Ttakuneko begiraleen laguntzarekin.
Eguerdi tarte horretan, kirol modalitate berri bati ekingo zaio herrian, izan ere tapeo olinpikoa burutuko da.

Kalejira herrian zehar

14:30ean bazkaria egingo da Okendon kokatuko den karpan eta jendeak etxetik eraman beharko du bere bazkaria.
Arratsaldean berriz, kalejira egingo da herriko kaleetan barrena.
Konpartsek 16:00etan Okendon izango dute hitzordua elkartu eta 16:30etan kalejira koloretsuari hasiera emateko. Ibilbidea honakoa izango da: Zumaburura Ola kaletik Jubilatuetan lehen geldialdia eginez, ondoren Udaletxean, Pablo Mutiozabal eta Iñigo de Loiolatik Geltoki kalera abiatuko da kalejira Okendo plazan bukatzeko.
Kalejiran bederatzi konpartsek hartuko dute parte, Zabaleta, Amalur, Ttakun, Jalgune, Zumaburu ikastetxeko ikasle eta gurasoak, Centro Cívico, Erketz, Elkar eta Zakili Beltz.
Okendon kalejirari amaiera borobila emateko txokolatada egingo da.
Aipatu ere Joko Olinpiko hauek maskota edukiko dutela, Otso Lontxo izango da festa handi honetan beste protagonistetako bat.

Itxiera ekitaldi handia

Festa ez da hemen amaituko, 20:00etatik 22:00etara Amalurrekoek plazan joko dute eta ondoren, lurralde ezberdinetatik iritsitako kirolariekin Joko Olinpikoeen itxiera ekitaldi ikusgarria egingo da. 23:00etatik aurrera ABIBA disko jaiak dantzan jarriko ditu Okendora gerturatzen diren herritar guztiak.

Euskal inauteriak

Bestalde, euskal inauterien konpartsa ere kalera aterako da larunbatean. Hauek gainera 30. urteurrena ospatzen dute aurten.
Ohi bezala konpartsa 12:00etan aterako da Kotxerasetik eta herrian zehar egingo ditu hainbat geldiune, lehena Patxi Larrañagan, ondoren, Gure Etxean, Muntteri euskaltegian eta azkenik, Okendo plazan amaituko dute kalejira.
Eguerdian konpartsakideek bazkaria egingo dute 14:30ean Goiegi jatetxean. Arratsaldean, Jubilatuen elkartean bilduko da konpartsa eta bertatik abiatuko da geldialdirik egin gabe Okendo plazaraino. Bertan amaiera emango diote festari panpina erretzearekin batera.

Parte hartzea sustatu

Inauteri egun honetan herritarrak parte hartzera animatu nahi dituzte antolatzaileek. Mozorroa soinean kalera ateratzeko gonbitea luzatu nahi diete lasarte-oriatar guztiei.