Iragarritako tenperatura hotz eta elurra iritsi ziren atzo Lasarte-Oriara. Goizetik hasi zen mara-mara elurra botatzen eta herriko kaleetan eguerdirako kolore zuria zen nagusi.
Iragarpenen arabera hotzarekin jarraituko dugu asteburu osoan zehar beraz udalak kotxea beharrezkoa ez bada ez mugitzeko deia egin du arazoak ekiditeko. Bere aldetik, espaloi eta errepideen garbitasuna bereziki zainduko du egun hauetan udalak erorketak besteak beste ahal den neurrian behintzat saihesteko.
Inguruko mendiek hartu zuten lehenik zuri kolorea eta pixkanaka herriko kale bazter eta teilatuetan ere pilatzen joan zen elurra. Herritar asko ibili zen argazkiak ateratzen baina batez ere haurrek hartu zuten gogotsu elurraren bisita. Bolak jaurtitzen pasa baitzituzten orduak. Paisaia zuriek utzitako irudi ederrez gozatzeko aukera paregabea izango dugu, beraz, denboraleak iraun bitartean.