22_Donostia zaharra ezagutzen

Txintxarri Aldizkaria 2012ko ots. 3a, 01:00

Hainbat gerrate jasan izan ditu Donostiak eta, batez ere, hiriburuko alde zaharrak jaso du astindurik handiena. Eremu horretako historia ezagutzeko Oinatz taldeak txangoa egin zuen urtarrilaren 22an. Giro onean, Urgull mendiko Motako gaztelua, Untzi Museoa, Santa Maria basilika eta San Bizente eliza bisitatu zituzten.

Haurren danborrada eta Sarriegiren doinuak lagun, 23 herritar izan ziren Oinatz taldeak Donostiako historia ezagutzeko antolatu zuen txangoan."Egun donostiarra izan genuen. Urgullen ginela umeak ikusi eta musika entzuten genuen," aipatu digute.
Izan ere, zehaztu diguten bezala, "Donostia zaharreko historia ezagutzera joan ginen". Honela, Oinatzeko lagunek eta herritarrek harresi barruko Donostia eta Urgull mendiko inguruko historia eta bitxikeriak ezagutu zituzten.
Urgull mendian gida baten laguntza izan zuten, "oso neska prestatua zen, Motako gazteluan eta Urgull mendian dauden aztarnak azaldu zizkigun: ingelesen hilerria, Karlistada eta Napoleon garaiko gerrate garaietan gertatutakoa, urteetan izan duen aldaketa, Jesusen Bihotza noiz eraiki zen, eta abar".

Frantsesekin ligatzen

Urgull mendian eta Motako gazteluan geratzen diren artileria piezak eta honek zuen garrantzia ere ezagutu zutela aipatu digute.
Honetaz gain, ukipen-pantaila baten bidez, harresiaren nondik norakoak azaldu zizkien gidak, baita hainbat bitxikeri kontatu ere. Esate baterako, Damen pasealekua deritzonean, kanoiak zeuden eta polizia frantsesak egoten ziren bertan. Donostiako neskak gazteak paseatzeko aitzakiarekin, ligatzera joaten ziren bertara".
Taldeak ezin izan zuen, Historiaren etxea bisitatu, "arazoren batengatik itxia zegoen, baina garrantzitsuena ikusi genuen".
Ostean, Untzi museoa bisitatzeko aukera izan zuten. Dena den aitortu digute "desengainu handia" izan zela. Gehiago espero zuten: "lehen arrantzari buruzko informazio gehiago omen zegoen, orain hau balearen arrantzara mugatu dute eta bestea Pasaiara eraman dute".
"Honela, balearen arrantzarako erabiltzen ziren bi untziak ikusi, bata originala eta bestea kopia, hauen azalpen batzuk jaso eta besterik ez genuen egin" atxiki dute.

Arratsaldean gehiago

Bazkal orduan, lagun arteko giroan, oso gustura egon zirela azpimarratu dute.
Ondoren, Santa Maria basilika eta San Bizente eliza bisitatu zituzten.
Santa Maria basilikan sakristaua izan zen historia eta elizari buruzko azalpenak eman zizkiena. "Donostiako harresietan lurreko atean zegoen Kristoa erakutsi zigun. Honetaz gain, erretaula errenazentista eta barrokoa. Gainera, aldare txiki guztiak desberdinak direla ohartarazi zigun" aipatu dute.
Izan ere, Santa Maria lehenik eliza erromanikoa zen, 1.500ean, bere lekuan eliza gotikoa egin zuten, baina ondoan zuen bolborategiak eztanda egin zuenean suntsitu zen. Gerora, 1700ean Caracaseko Errege konpainiak Koruko Amabirjina babesle bezala hartu eta eliza berregiteko dirua jarri zuen.
Eta horrekin batera, harribitxia den Cavalier-Coll organoa iritsi zen elizara. "Cesar Frank musikariaren doinuak bereziki jotzeko prestatua zegoen. Orduan organo barrokoa zen. Baina gero kanpoko barroko itxura mantendu eta erromantikoa egin zuten, barruko mekanismo guztiak aldatuz" azaldu digute.
Azkenik, San Bizente eliza, "alde zaharreko erakuntza zaharrena" bisitatu zuen taldeak bertako parroko Felix Garitanoren eskutik.
Bisita elizaren kanpoko aldetik hasi zuten. Arkitektura azalpenak, gerora jarri diren ordezko zatiak, fatxadan dagoen Oteizaren Errukia edo La piedad eskultura eta dorrea gerretarako erabiltzen zela azaldu zien besteak beste.

Hesiak bitxikeri

Parrokoak bitxikeria moduan azaldu zuen Alde Zaharrean parrandan dabiltzanak direla eta orain hesiarekin itxita dagoela, baina garai batzuetan irekia egon zela kanpoko aldea. Orain barruan dago, baina, "Elizako pontea ere kanpoaldean zegoen".
Barruko aldean, aldareen edertasuna azpimarratu zuten. Gainera, Oinatzekoek jakin dutenez, hemen ere zerbait bitxia gertatzen da, "La Dolorosa Amabirjinari jendeak arropak kentzen zizkion eta hesia jarri behar izan dute".
Oinatzeko lagunak pozik ziren, egindako txangoarekin gustura eta hurrengo irteeraren berri eman digute, martxoren 11an, Sara eta Zugarramurdiko kobazuloak ikustera doaz.