Igerilariak ederki Federazioko sarian

Txintxarri Aldizkaria 2012ko otsailaren 6a

Buruntzaldea IKT-ko gazteek urtarrilaren 28an, Gipuzkoako Federazioko 1go Sarian parte hartu zuten eta marken arabera, Itsaso Tolosa eta Iñigo Ibarburu txapeldunorde izan ziren. Taldeko igerilari guztiek markak hobetu zituzten eta Iñigo Ibarburuk 100 metro probako Espainiako txapelketako gutxieneko marka lortu zuen.

Paco Yoldi kiroldegiko igerilekuan antolatu zen lehengo urtarrilaren 28an, Gipuzkoako Federazioen saria. Bertan Buruntzaldea igeriketa taldeko infantil, junior, promesa eta absolutu mailako igerilariak izan ziren eta emaitza onak lortu zituzten gainera: bi txapeldunorde, Itsaso Tolosa eta Iñigo Ibarburu eta infantil mailako Espainiako txapelketarako beste marka gutxienekoa.
Borja Apeztegia entrenatzaileak azaldu digunez, “igerileku luzean aurtengo denboraldian egiten den lehengo txapelketa da eta gogoz hartu zuten igerilariek.”

100 metroetan ere

Iñigo Ibarburu gazteak Espainiako Infantilen Neguko txapelketako 100 metro libreetako gutxieneko marka lortu zuen eta honekin, jada bost probetan egongo da txapelketa horretan.
200 metroetako gutxieneko marka lortzen ere saiatu zen, baina segundu batera geratu zen. Hala ere, bere marka 2 segundutan hobetu zuen.
Era berean, Itsaso Tolosa eta Haitz Mitxelena ere gutxieneko markak lortzen saiatu ziren.
“Itsasok juniorretarako gutxienekoak badituen arren, absolutuen gutxienekoetatik gertu ibil zitekeela bagenekien eta horrek Espainiako Absolutuen Txapelketan eta "Open"ean aritzeko aukera emango lioke,” azaldu digu entrenatzaileak.
Tolosak 200 m. eta 50 m. bizkar probetan parte hartu zuen, bietan marka pertsonala egin zuen eta eskatutako markatik oso gertu geratu zen.
Haitz Mitxelenak 200 m. tximeletan egin zuen saiakera, baina ez zen bere ahalegina nahikoa izan. 50 m. tximeletan proban, aldiz, bere marka hobetu zuen.
“Hala ere, Haitz arlo teknikoan ari da lanean egun hauetan eta mugimendu berriak barneratzeak denbora eskatzen duenez normaltzat hartu dezakegu,” aipatu du Apeztegiak.
Baina, lehiaketa honetan marka pertsonal gehiago lortu zituzten Buruntzaldeko gazteek.
Jone Vazquezek 400 m. eta 200 m. libreetako bere markak hobetu zituen 400 m. proban. Kevin Iglesiasek 100 m. eta 200 m. libre probatan hobetu zituen bere markak, Garazi Alkortak 200 m. libreetan, Naiara Lizasok 50 m. libreetan eta Mikel Sotok 100 m. eta 200 m. bular probetan.

Bi txapeldun orde

Hau guztiaz gain, txapelketan egindako markaren arabera, Iñigo Ibarburu eta Itsaso Tolosa txapeldunorde izan ziren lehenengo sari honetan.
Sariak federazioko bigarren sariketan emango dizkietela jakinarazi digu taldeko entrenatzaileak.