Arbitro izango zela “kasualitatez” erabaki zuen Atotxara Erreala ikustera joan zen egun batean eta 19 urtean ibili zen herriz herri erregional mailako partidak arbitratzen. Errepidean kilometro mordoa egin ostean, familiarekin denbora gehiago pasatzeko utzi zuen arbitrajea.
Zenbat urterekin murgildu zinen futbolaren munduan?
19 urterekin hasi nintzen. 1968. urtean etorri nintzen Usurbilera bizitzera Andaluziatik, Palma del Rio-n jaio nintzen, Kordoban.
Ni beti futbolean ibilia nintzen eta harrigarria egin zitzaidan Usurbilen futbol talderik ez egotea. Egun batean, Udaletxera joan eta Irasuegi alkatearekin hitz egin nuen. Berak proposatu zidan herriko gazteekin hitz egin eta talde bat osatzeko, eta Usurbil Kirol Taldearen barruan sartuko zutela agindu zidan.
Arbitro izan aurretik futbol jokalari izan zinen?
Bai, gaztetxo taldea sortu eta Andoaingo La Salle lehiaketan eta Zarauzko hondartzako txapelketan jokatzen genuen. Reala ikustera joaten ginen denak elkarrekin Atotxara eta bertan, garai hartan arbitro gazteek futbol araudiak ikusleen artean banatzen zituzten. Horietako batean ikusi nuen "gurera batu zaitez" edo halako lelo bat. Arbitro izateko Donostiako Urbieta kaleko egoitzatik pasatzeko gonbitea egiten zuten. Zergatik ez? pentsatu nuen eta horrela erabaki nuen arbitro izatea.
Eta noiz erabaki zenuen profesional izatea?
1969an hasi eta ezkondu arte 19 urtez jardun nintzen arbitro. Ibilbidea berez denentzako antzekoa zen. Kontxan hasten ginen, nire kasuan bi urte egin nituen Kontxako partidak arbitratzen. Gero, beterano batekin joaten ginen zenbait partidutara marrazain lanak egitera eta ondoren, zu zeu arbitratzen hasten zinen.
Astelehenetan arbitro eskolak izaten genituen, hirugarren mailako bi arbitrorekin eta ostiraletan hauekin batera bigarren mailako arbitro batekin. Guruzeta esaterako, gurekin zebilela pasa zen lehen mailara. Normalean, igande goizetan Kontxan arbitratu eta arratsaldean erregionaleko partida batean marrazain lanak egiten genituen.
Gero Guruzetak Barça-Madril batean penalti bat eman eta eztabaida piztu zen. Arbitroa hilabete batzuetarako zigortzea erabaki zuten eta horren aurrean, Gipuzkoako arbitrook gure dimisioa aurkeztu genuen, bidegabekeria handia iruditzen zitzaigun erabaki hura. Ia denboraldi oso bat egon ginen arbitratu gabe protesta moduan.
Asko bidaiatu behar zenuten?
Bai, garai hartan Arabak ez zuen federaziorik, ezta arbitro eskolarik ere. Gipuzkoako arbitroak joaten ginen bertara.
Betidanik izan da arbitro defizita futbolean, futbol talde gehiago dira arbitroak baino. Asteburu batzuetan hiru partidu arbitratzen nituen, bakoitza herri batean. Aste guztia lanean pasa eta asteburuak ere nahikoa mugituak izaten nituen. Adibidez, partida bat Irunen goizez, bestea Mutrikun arratsaldez eta beranduago Arrasaten, distantziak handiak ziren eta errepideak ez egungoak bezain onak.
Oroitzen al duzu arbitratu zenuen partidu politen bat?
Berezienetarikoa, Atotxan marrazain moduan Gipuzkoako eta Bizkaiko selekzioen arteko partidu bat. Oso partidu polita izan zen, gerora oso jokalari onak izandakoak zeuden bi taldetan, adibidez Lopez Ufarte Gipuzkoakoan eta Salinas anaiak Bizkaikoan.
Arbitratzeko zein da mailarik zailena?
Beheko mailak zalantzarik gabe. Behin Jose Manuel Begiristain kideari burua ireki zioten makila batekin. Nik neuk Elgoibarren muturreko bat jaso nuen. Jubenil mailako partidu baten amaieran eman zidan jokalari batek.
Ez zen beti gertatzen baina askotan egoera zailak sortzen ziren ikusle eta jokalarien artean. Oso oso zaila zen erregionaletan arbitratzea. Garai hartan jendetza joaten zen partiduetara; egun ez da partidu hauetan ikusle asko izaten.
Dena den, gaur egun ere nire bilobarekin ikusi ditut oso egoera zailak. Eskolarteko partidatan gurasoek arbitroaren kontra egiten dute bortizki! hori ezin da onartu. Euren semeak hoberenak izatea nahi dute edozeinen eta edozeren gainetik.
Jokalari asko bidali al duzu zelaitik?
Bueno, beharrezkoa zenean, bai. Behin nire lana medio Bergarako supermerkatu bateko arduradunarekin hitz egitea egokitu eta berehala esan zidan Zumarragan zelaitik kanporatu nuela behin. Egun horretako prima galdu zuen.
Oroitzapen politak dituzu?
Oro har oroitzapenak onak dira denak. Santiagon Compostela taldeko zuzendaritzako kide batek partida amaitzean bere jatetxera gonbidatu gintuen, lehen mailako partida telebistan ikusiz mariskoa afaltzera. Ez gaizki pentsatu, bere taldeak egun horretan partida galdu egin zuen.
Gogoratzen dut, Michelinek egin zuen denboraldi on bat. Mikel Etxarri entrenatzaile zela oso jokalari onak izan zituen. Bikain jokatu eta gol asko sartzen zuten. Michelin eta Errealaren arteko neurketa arbitratu nuen. Errealak liga irabazita zuen baina Michelinek serio jokatu zuen. Polita izan zen.
Zer eman dizu arbitrajeak?
Batez ere lagun asko. Gipuzkoako txoko guztietan daukat norbait ezaguna. Bidaietan ere lagun mordoa egin dut eta azkenean horrekin geratzen zara, hori da aberasgarriena. Jendeak uste duenaren kontra, arbitrajearekin ez zen dirua irabazten.
Azken finean Gipuzkoako edozein herritan ezagun gehiago dut nire jaioterrian baino eta harremana ona da. Jendeak azkenean, ulertzen ditu hanka sartzeak eta onartzen du oso zaila dela arbitro lana.
Zergatik utzi zenuen arbitrajea?
Ezkondu ondoren, emazteak esan zidan denbora behar nuela bera eta familiarekin egoteko. Arrazoia zeukan, asko bidaiatu behar nuen asteburutan, Asturias, Galizia, Andaluzia, Madril, Aragoiko herrietara eta astean zehar egunean 14 ordu lan egiten nituen. Uztea zen erabaki zuzenena.
Nola ikusten duzu oraingo futbola? arbitroen lana?
Arbitroen lana inoiz baino zailagoa da telebista eta teknologia berriak direla eta. Edozein akats geratzen da agerian.
Realzalea zara?
Andaluziarra izanagatik Betis taldea beti jarraitu izan dut, baina bai, Reala asko gustatzen zait. Hala ere, ikusten ditudan partidetan beti arbitroaren alde jartzen naiz.
