Izan ere, Mahalako Mikel San Sebastianen hitzetan hasieran nobedade efektua izaten da eta oso goitik hasten da kontsumoa. "Lau edo bost hilabete ondoren etortzen da kontsumo maila egonkorrena". Lehen hilabeteetan bereziki zaintzen da zerbitzu ona eskaintzea ere, hau da, makinak kale ez egitea, asteburu, zubi edota oporraldietan ere zerbitzua martxan egotea besteak beste. Funtsezkoa da esnea kontsumitzera ohitu diren herritarrek erosteko garaian arazorik ez edukitzea.
Dagoeneko asko dira egunero baserriko esnea hartzeko ohitura hartu duten herritarrak eta hori nabari da Mahala baserriak kudeatzen duen makinak dituen bisitetan.
1.700 litro hilean
Leaburuko Mahala baserriak hornitzen du Dorre plazan kokatuta dagoen makina 600 litro esnerekin; 300 litroko bi zisterna esne pasteurizatu fresko ekartzen dituzte makina betetzeko.
Esnea jaitsi eta berotu egiten da 72-78 gradu zentigrado bitartean 15-20 segundoz eta berehala 4 gradu azpiko tenperaturan freskatzen da. "Gure kasuan ahalik eta pasteurizazio suabeena egiten dugu. Hartara esneak ahalik eta propietate gutxien gal ditzan, izan ere, legeak ez du pasteurizatu gabeko esnea saltzen uzten".
Prozesu honen bitartez esnea kontsumitzeko prest da eta egun batzuetan egoera onean kontserbatuko dela ziurtatzen da. Herriko esne makinan hilean gutxi gora bera 1.700-1.800 litro saltzen dira. Hala ere, Mahalakoek diotenez, "kontsumoan zerikusi handia du urte garaiak".
Esnea egosita dagoenez, makinatik zuzenean edan daiteke, hau da, umeek meriendatzeko har dezakete baso bat esne, "egarria kentzeko guztiz aproposa da". Izan ere, herrian kokatuta dagoen makinak aukera ematen du 10 zentimoren truke baso bat esne hartzeko, ez da derrigor litro bat erosi behar, sartutako diruaren arabera ematen du esnea.
Nahi beste esne erosteaz gain, Mahalak gogoratu nahi du esnea erosteko botila edo ontzia etxetik ere eraman daitekeela, edozein botilak balio duela esnea hartzeko. "Batzuetan jendeak uste du bertan saltzen diren botilatan soilik jaso daitekeela esnea baina ez da horrela".
Esne gaingabetua
Esne gaingabetua erosteko aukera ere jarri zuten martxan orain denbora bat jendeak hala eskatuta. Baina emaitza ez zen guztiz ona izan. "Jartzea erabaki zen baserriko esnearen zaporeari uko egin gabe, koipe gutxiago duen esnea nahiago dutenentzat baina jendea erabat nahasten zen". Informazioa makinan bertan jartzen zen: "zehazten genuen noiz jartzen zen esne gaingabetua eta noiz esne osoa, baina antza jendearentzat ez zen nahiko argia eta berdin nahasten zen. Azkenean zerbitzu hau emateari utzi genion".
Bestalde, saltzen ez den esnea jaso egiten dutela gogoratzen dute jabeek: "zekor, txahal eta txerrientzat erabiltzen dugu. Dena den, normalean salmenta kopurua ondo neurtzen dugu eta ez da esne asko baserrira bueltan etortzen".
Harrera ona
Mahalakoen esanetan, zerbitzuak harrera ona izan zuen hasieratik. Dena den, egun jende askoren gustua produktu industrialetara ohitua dagoela diote Leaburuko baserrikoek, hauek askoz suabeagoak direlako, "tratamenduek produktu askori ohiko zaporea aldatzen die eta ondorioz, belaunaldi gazteek ez dute esnearen berezko zaporea eta usaina ezagutzen".
Lasarte-Orian eskaintzen den zerbitzu hau beste herri askotan dago martxan eta honen arrakastaren oinarria kontsumo ohituren aldaketa dela uste dute. "Jendea geroz eta arduratsuagoa da batez ere jaten duenarekin eta asko baloratzen du produktu naturala, inolako tratamendurik jaso ez duen baserriko produktua".
Kontsumo arduratsua
Baserriko esnea zuzenean saltzearen, onurak zapore eta kalitateaz gain, asko dira. Batetik esne ekoizleentzat da ona ez baita bitartekorik behar, hauen eta kontsumitzaileen arteko harremana zuzenagoa da eta beraz, saldutako litro esne bakoitzeko irabaziak gehiago dira nekazariarentzat. Gainera, hondakinen aldetik, honako esnea kristal edota plastikozko ontzi berrerabilgarrietan jasotzen da eta etxeetan ez da hainbeste zabor sortzen.
Osasunari erreparatuz, produktu hau larre zabalean aske hazi eta belarrez elikatutako behi osasuntsuen esnea denez, zenbait gaixotasun , besteak beste minbizia eta bihotzekoak, saihesten laguntzen duela baieztatu dute hainbat ikerketek. Hauen arabera, kolesterol ona igo eta hipertentsioa jaisten laguntzen du eta minbiziaren aurrean, kaltzioak gorputza babesten duela diote adituek. "Gaur egun esne edo esneki gutxiegi hartzen dugu loditzen dutelakoan baina gure osasunerako oso onuragarriak dira."
Mahala baserrian baikorrak dira zerbitzuarekiko: "Guk ilusioz egiten dugu lan jendeak erantzuten duela ikusten dugulako, makina honi esker kontsumitzaileek merkatuan dagoen esnerik freskoena eta naturalena kontsumitzeko aukera dute". Garbi dute Mahalan baserriko esneak berak ere ez duela tratamendu beharrik, produktu hau freskoa kontsumitu behar delako eta jendea probatzera animatzen dute.