06_Baserriko esneak badu bere lekua

maider-azurmendi 2012ko otsailaren 6a

Dorre plazako esne makinak bi urte bete berri ditu gure artean. Leaburuko Mahala baserriak hornitzen du eta beraz, bertako behien esnea ekartzen zaie kontsumitzaileei. Hasieran esne gaingebetua ere eskaintzen zuten, baina erosleen artean nahasmena sortzen zuela ikusita, esne osoa bakarrik jartzen dute makinan. Hilero, urte sasoiaren gora beherak tarteko, 1.700 litro esne saltzen dituzte. Mahalan kontsumoa igoko dela espero dute, izan ere, makina honek badu berezitasun bat, sartzen den diruaren araberako esne kantitatea ematen duela, ez dela zertan litro bat erosi behar derrigorrez, alegia. 10 zentimoren truke baso bat esne ematen du.

Bi urte egin ditu esne makinak Lasarte-Orian eta denbora tarte honetan kontsumitzaile kopurua handitzeaz gain egonkortu ere egin da, Mahalako arduradunek adierazi digutenez.
Izan ere, Mahalako Mikel San Sebastianen hitzetan hasieran nobedade efektua izaten da eta oso goitik hasten da kontsumoa. "Lau edo bost hilabete ondoren etortzen da kontsumo maila egonkorrena". Lehen hilabeteetan bereziki zaintzen da zerbitzu ona eskaintzea ere, hau da, makinak kale ez egitea, asteburu, zubi edota oporraldietan ere zerbitzua martxan egotea besteak beste. Funtsezkoa da esnea kontsumitzera ohitu diren herritarrek erosteko garaian arazorik ez edukitzea.
Dagoeneko asko dira egunero baserriko esnea hartzeko ohitura hartu duten herritarrak eta hori nabari da Mahala baserriak kudeatzen duen makinak dituen bisitetan.

1.700 litro hilean

Leaburuko Mahala baserriak hornitzen du Dorre plazan kokatuta dagoen makina 600 litro esnerekin; 300 litroko bi zisterna esne pasteurizatu fresko ekartzen dituzte makina betetzeko.
Esnea jaitsi eta berotu egiten da 72-78 gradu zentigrado bitartean 15-20 segundoz eta berehala 4 gradu azpiko tenperaturan freskatzen da. "Gure kasuan ahalik eta pasteurizazio suabeena egiten dugu. Hartara esneak ahalik eta propietate gutxien gal ditzan, izan ere, legeak ez du pasteurizatu gabeko esnea saltzen uzten".