06_Atsobakarreko langileak eta CLECE konpondu dira Udalaren laguntzaz

Txintxarri Aldizkaria 2012ko otsailaren 6a

Lasarte-Oriako Udalak Atsobakar zahar egoitzeko langile eta CLECE enpresaren arteko negoziaketa eta akordioa ahalbideratu dituela jakin arazi du. Honen bitartez, 2012 urtean atzerapenen plusa eta soldatan igoera izango dute. Era beran, Udalak hilabete hauetan enpresa komiteak izan duen jarrera salatu du.

Atsobakar Zahar Egoitzaren inguruan egin zaizkion kritiken aurrean, Lasarte-Oriako Udalak egungo egoera argitu eta bertan hartu dituen erabakiak azaldu nahi izan ditu komunikabideetara bidali duten prentsa ohar baten bitartez.
Udalak oharrean gogora ekartzen duenez, Atsobakarko auzia 2008. urtetik datorren kontu bat da, “beraz Udal Gobernu berriak herentziaz jaso duena eta PSE-EEk bere garaian irtenbiderik eman ez ziona”.
Langileen egoerari dagokionez, 2009. urtetik soldatak izoztuak izan dituztela aipatzen dute. “CLECE eta langileak akordioetara iritsi ez direlako nahiz eta Gipuzkoako Lan-Hitzarmena, 2009-2012 urteetakoa, indarrean egon,” jakinarazten du korporazioak.

Gatazka konpondu

Lasarte-Oriako Udalak oharrean jakitera eman duenez, aurten CLECE enpresari kontratua amaitzen zitzaion.
Oharrean adierazten denez, luzatzearen negoziazioetan hastearekin batera, Korporazioak, urteetan pairatu den lan-gatazka konpontzeko ordua iritsi zela jakinarazi zion enpresari, honetarako, langileekin akordio batetara iritsi zedin exijituz.
Gauzak honela, akordio batera iritsi direla aipatu du Udalak, “hiru urte luzez bizi izan duten egoera konpondu dute enpresa eta langileek, Udalaren laguntzaz”.

Akordioa

Akordio honen bitartez, 2009-2011ko soldata atzerapenak itzuli eta 2012ko soldata eguneratu da.
Horren ondorioz, oharrean azaltzen denaren arabera, 2012 urtean langileek bere soldatan %14ko igoera izango dute eta gainera atzerapenen plusa izango dute.

Sindikatuen jarrera

Hau guztia jakitera emateaz gain, enpresa komiteak (CCOO-UGT-ELA) Udalaren kudeaketa gaitzetsiz komunikabideetan azkenaldian izan duen jarrera ere salatu nahi izan du Udalak.
“Akordioa blokeatuta zuen oporraldiak zirela medio eta langileen artean eginiko bozketa batean hau desblokeatzea lortu da,” azaltzen dute oharrean.
Udalaren ustez, honek garbi erakutsi du Komite honek ez dituela langileak ordezkatu eta Zerbitzuaren inguruko zalantzak piztu dituela inongo arrazoirik gabe, erabiltzaileengan alarma sortuz. “Jarrera erabat arbuiagarria,” adierazten du.
Beraz, Udalarentzat garrantzizkoak diren bi baldintzak bete dira: langileek lan-baldintza duinak izatea eta horrelako egoitzentzat Aldundiaren gutxiengo baldintzak bermatzea.