06_Elkarbizitzaren inguruko jardunaldiak Landaberrin

Txintxarri 2012ko otsailaren 7a

Irakasle eta gurasoen arteko harremana hobetzeko gako eta estrategiak, guraso eta seme alaben arteko aferen konponbideak, hauen arteko negoziaketa, bitartekotza eta elkarrizketa, dira besteak beste otsaila eta martxoan Landaberri ikastolako eta institutuko irakasle eta gurasoek GEUZeko Lucia Gorbeña koordinatzailearekin jorratuko dituzten gaiak.

Irakasle eta ikasleen arteko arazoak, guraso eta seme-alaben artekoak, edota haur eta gaztetxoen beraien artekoak gertatzen direnean jokabide egokiak zeintzuk diren ezagutuko dute Landaberri ikastola eta institutuan datozen hilabeteotan. Astelehenean bertan hasi zen Landaberri ikastolako irakasleen formakuntza. Otsailaren 6, 8 eta 13an familia eta irakaslearen arteko harremana hobetzeko giltzarri eta tresnak jorratuko dituzte. Landaberri institutuko irakasleek, aldiz, martxoaren 21 eta 28 landuko dituzte guraso eta seme alaben arteko gatazkak eta konpontzeko bide eta tresnak.
Hitzaldi eta tailerren antolatzaileek azpimarratu dute horrelako arazoetan ikastetxe eta familien arteko jokabide bateratuaren garrantzia, hau da, honelako arazoei irakasle era gurasoek erantzun bateratua ematea. Beraz, bi ikastetxe hauetako gurasoei otsailaren 29an eta martxoaren 7an burutuko diren bi hitzaldietan parte hartzeko deia luzatu diete. Lucia Gorbeña arduradunak esan duenez, oso praktikoa izango da, “ez da azalpen teoriko luzerik izango, segituan gauzak egiten hasi eta eguneroko bizitzan erabilgarri diren hainbat tresna ezagutuko dituzte, saiotik etxera joan eta egun horretan bertan praktikan jartzeko modukoak”. Gurasoen aldetik interesik balego hitzaldiak gerora tailer bihurtu daitezke.
Landaberri ikastola eta DBH institutuak elkarrekin antolatu dituzte hitzaldiak. Gurasoen parte hartzea oso garrantzitsua dela esan dute eta baita irakasleen formakuntza ere. “Arazoak daudenean araua begiratu eta ikasleari dagokion zigorra jartzea saihestu eta alternatibak daudela ezagutuko dugu”.