KulturKale zikloak herriko tabernak hartuko ditu

Txintxarri 2012ko otsailaren 8a

Lehen kontzertua Abend tabernan izango da ostiralean 00:00etan Casual Blues eta White Towels taldeekin.

KulturKale zikloa Lasarte-Oriako udaletxeko Gazteria, Festak eta Kirola departamendutik Xpressionk! Kultur Elkartearekin elkarlanean antolatutako kultura ziklo berria da. Lehen kontzertua ostiralean izango da Abend tabernan eta helburua Tasio Arrizabalaga udal ordezkariaren hitzetan, "herriari ostiral arratsaldetan alternatiba kultural bat eskaintzea da".

Udala eta Xpressionk! elkartearen arteko lankidetza Manuel Lekuona kultur-etxean antolatu ohi ziren ostiral arratsaldetako kontzertuetan jaio zen. 2011. urtetik aurrera kontzertu hauek indarra galtzen joan ziren eta horrekin batera ikusle kopurua. "Hau dela eta 2012. urterako planteamendu berri bat egitea egokia iruditu zitzaigun" adierazi du Jokin Telleriak.

Bost ekimen


Lehen programazioa otsaila eta martxoa bitartean burutuko da. Lehen kontzertua esan bezala, Abend-en izango da ostiralean 00:00etan Casual Blues eta White Towels taldeekin. Otsailaren 23an, Donegall-en bakarizketa egingo du Mario Simancasek 22:30ean eta martxoaren 3an berriz, Jalgin 23:00etan Igelaren bandak joko ditu bere jazz eta folk doinuak. Martxoaren 10ean, Siglo XX tabernan hip-hopa izango da protagonista 20:00etan hasiko den Zepequeño & Pelayo Hip Hop Live! eta Dj KA Dj set taldeen emanaldietan. Martxoaren 16an 20:00etan Mendi Kafe Rocken The Back Tracks-en kontzertua egingo da.