“Murriztu Zirt edo Zart” eskoletan

maider-azurmendi 2012ko otsailaren 10a

Azken urte hauetan egin bezala, Sanmarko Mankomunitateak bere eremuko herrietan hainbat sentsibilizazio kanpaina jarri ditu martxan. Guztira hiru izango dira ekimenak eta lehena haurrei zuzendutako “Murriztu Zirt edo Zart” izan da. Ekintza hau Landaberri eta Sasoeta eskoletan burutu da aste honetan eta birziklapena, berrerabilera eta hondakinen murrizketa izan du ardatz. Lasarte-Oriako haurrak jolasean aritu dira “oka-joko” erraldoi batean eta hainbat proba gainditu behar izan dituzte bukaerara iristeko. Besteak beste, ahalik eta hondakin gutxien sortuz erosketa egitea egokitu zaie edota zaborra behar den ontzietan botatzea.

Sanmarko Mankomunitateko lehen hezkuntzako eskola guztiei dago zuzenduta kanpaina eta guztira 3.000 ikaslek hartu ahal izango dute parte ingurumen-hezkuntzako “Murriztu Zirt edo Zart” ekimenean. Egun hauetan saioak herriko Sasoeta eta Landaberri eskoletan burutu dira.
Azalpen teoriko batzuk entzun eta gero praktikan jarri behar izan dute ikasitakoa. Fletxitik Fletxira jolasarekin egin behar izan dute. Hau “oka” antzeko jolas erraldoia da eta haurrak lau taldetan banatuta aritu ziren dadoa botatzen laukitik laukira fitxa mugituz. Birziklapena eta hondakinen murrizketan oinarritatutako probak burutu behar izan dituzte jolasean aurrera egiteko. Besteak beste, birziklatzeko ontzi egokietan banatu behar izan dituzte hondakinak edota erosketak ahalik eta hondakin gutxien eraginez burutu.

Sentsibilizazioa

Ekimen honen helburuak dira, eskola komunitatearen jokabide eta ohiturak aldatzea, bere hurbileko ingurunean, hondakin gutxiago sortzen lagundu dezan. Hondakin sorkuntzak sortzen duen arazoan eta hau konpontzeko guztion parte hartzearen premian gutako bakoitzak duen protagonismoari buruz kontzientzia hartzea ere bada kanpainaren jomuga.
Azkenik, hiri-hondakinen gaineko ezagutzak hedatu nahi izan dira, prebentzioan, hondakin kantitatea murriztean eta berrerabilerak duen garrantzian arreta berezia jarriz, gaikako bilketa alde batera utzi gabe.

Ikasi eta ondo pasatzea

Haurrek gogotsu hartzen dituzte halako jolasak Ainhoa Diez de Salazar hezitzailearen hitzetan. Saioaren helburua birziklapenak edota hondakinen murrizketak duen garrantziaz ohartaraztea da baina baita ondo pasatzea ere.
Haurrek normalean gaia eskolan lehendik jorratuta izaten dute eta arreta jartzen diote azaltzen diren gaiei. Dena jolasen bidez egiten da eta horrela errazagoa da hauen arretari saio guztian zehar eustea.

Berrerabilera erronka

Birziklapenari dagokionez, argi dute haurrek zein ontzitan bota behar den gauza bakoitza, urdinean hau, horian bestea... baina edukioontzi berdean beira eta kristalaren arteko ezberdintasuna bitan galdetu behar izan zuten batzuk.
Batez ere, berrerabilerak duen garrantziaz ohartu behar dira orain eta ideia horretan hezi. Izan ere, hezkuntzak duen garrantziarengatik burutzen dira halako ekimenak gizartean hondakin kopurua murriztu ahal izateko, eta gure zaborrak ingurumenean duen eraginaz norbera konturatzeko.
Aldi berean, erosketak ondo egiten ere jakin behar da, ondoren etxean ahalik eta zabor gutxien sortzeko eta horretan saiatu dira ikasleak. Gerora, etxean aplikatu beharko dute ikasitako guztia eta kasu askotan gurasoei azalduko diete ekintza hauen bidez ikasitakoa, denen artean zaborra murriztu ahal izateko.