“Gatazkatan guraso eta irakasleek batera jardutea funtsezkoa da”

jon-altuna-iza 2012ko ots. 10a, 01:00
Haur edo nerabeen inguruan gertatzen diren gatazkei, hauen konponbideari eta erantzun egokia emateko tresnei buruzko tailerra zuzenduko du otsaila eta martxoan Landaberri ikastolan eta institutuan GEUZ Gatazka Eraldatzeko Unibertsitate Zentroko Lucia Gorbeña koordinatzaileak. Ikastolan ondo ezagutzen dute bera 2005-2006 ikasturtean etorri zen eta lehenengo aldiz. GEUZ arduratzen da ikastolako bizikidetza plangintzaz eta nahiko garatua daukate.
Landaberri ikastola eta institutuak antolatu dute elkarbizitzaren eta gatazken konponbideari buruzko topaketa bi ikastetxe hauetako irakasleei eta gurasoei zuzendurik. Astelehenean Landaberri ikastolako irakasleekin hasi zen ikastaroan, "irakasle eta gurasoen arteko harremana hobetzeko gako eta estrategiak" gaia jorratuko dute.
Lucia Gorbeña adituaren ustez, funtsezkoa da bien arteko lotura eraginkorra, "arazoak edo bi aldeen jarduna eskatzen duten egoerak daudenean bi aldeek jokabide berbera izan dezaten. Koordinatuak baldin badaude eta elkarri laguntzen badiote emaitzak ere hobeak izango dira ikaslearen hezkuntza integrala lortzeko helburu horretan".

Gatazka asko al daude eskola ezberdinetan?
Badaude kasuak. Zaila da lehen baino gehiago edo gutxiago dauden esatea. Ikerketa historikorik ere ez dago konparaketa egiteko. Dena den, esan dezakegu irakasleek lehen baino arazo gehiago eta konplexuagoak ote dauden susmoa dutela. Baina ezin dugu esan argi eta garbi gaur egun arazo gehiago dagoenik.

Nola erantzuten zaie afera horiei?
Ahalik eta ondoen erantzuten zaiela argi dago. Zentroetan elkarbizitza plangintza ugari dira, Jaurlaritzak duela urte batzuek jarri zituen abian, hain juxtu arazo guzti hauei aurre egiteko baliabide gehiago, jokabide egokiagoak eta estrategia berriak izateko. Beti ere, zigorrean oinarritutako garai bateko eredu tradizionaletatik urrundu eta elkarbizitza baloreak, elkarrekiko errespetua, elkarrizketa, erantzukizuna,... nagusi dituen hezkuntza ikuspegi batetik.
Estrategia asko erabiltzen dira gaur egun, eta asko berriak dira gainera. Esaterako haurrek eurek euren arazoak konpontzen saiatzeko tresnak lantzen dira: Lehen Hezkuntzako adostokia adibidez, txoko batean belarri-aulkia eta aho-aulkia jartzen dira, funtzionatzeko arau batzuek, eta espazio horretan egoten dira haurrak eurak, hitz eginez edota elkarri galderak eginez akordio batera iritsi arte.
Ikastetxeen gatazkak konpontzeko bitartekotza praktikak daude, eta ikasgelatan prebentzio programa batzuek ere garatzen dira. Hiru urteko haurrekin hasita, beste haurrekin harreman hobeak izateko nola jokatu behar duten erakusten zaie, haserrea eta laguna jotzeko gogoa jartzen zaienean zer egin behar duten, besteekin arazoak nola konpondu, nola hitz egin, nola hartu erabakiak... Hau guztian aspalditik lantzen da eskoletan. Eta espero dugu honek arrastoa utziko duela gerora, haurrek motxila elkarbizitza balorez eta tresnez beteta eramango dutela etorkizunera.

Eta gurasoek, zer paper dute gatazkatan?
Gurasoen paper nagusia batetik ikastetxeei babesa ematea da eta bestalde, bere jokabideak ikastetxearen norabide berbera izan dezala. Hori izango da Landaberrin emango diren hitzaldien oinarria. Ikastetxeak eta gurasoek luzatzen duten mezua berbera bada, eragina indartsuagoa da noski.

Nolakoa izango da gurasoekin burutuko den tailerra?
Gurasoekin lau arlo nagusitan lan egingo dugu, lehenengoan saiatuko gara guraso eta seme-alaben arteko aferak eta haurren artekoak hezkuntza aukera bezala ikus ditzaten. Gatazkak ugari dira bizitzan, edozein harremanetan, ez da gatazkarik gabeko sendi, lagun koadrila edo eskolarik. Afera horiek modu ezkorrean hartu daitezke, edo modu baikorrago batean eta hori da kontua, horrelako arazoei aurre egitetik ikasi dezatela. Zenbat eta gehiago praktikatu, baliabide gehiago izango ditu haurrak gerora.
Jorratuko den bigarren arloa, komunikazio trebetasunei buruzkoa da, entzuten ikasi, egoera zailetan gauzak esaten, galdera egokiak egiten,... Hirugarren arloan emozio handiak eramateko trebetasunak landuko dira, haserre bizian jartzean zer egin, sutan jarri eta jokabide basatiak hartu baino lehen, eta laugarrenean gatazkak konpontzeko prozesuak, hau da, nola negoziatu seme-alabekin, nola hartu erabaki amankomunak sendian. Honek ez du esan nahi seme alabekin dena negoziatu behar denik, ez eta pentsatu ere. Arau, diziplina eta mugei buruzko beste arlo hau zaintzea ere behar beharrezko da, bi aldeak dira oso garrantzitsuak, eta kasu honetan, bestea, gatazken konponbidearena jorratuko dugu.

Zergatik da interesgarria hitzaldia gurasoentzat?
Arrazoi xume batengatik: etorri diren guztiek normalki gehiago nahi dutelako, hainbat ikastetxetako egin ditugun honelako tailerretan oso pozik izan dira sendiak.
Gainera, hitzaldietara etorri beharko lirateke, eguneroko bizitzan erabilgarri diren hainbat tresna emango zaielako, saiotik etxera joan eta egun horretan bertan praktikan jartzeko modukoak, eta baita, tailerra oso praktikoa delako ere, ez da azalpen teoriko luzerik izango, segituan egunero gurasoek bizi dituzten egoerak lantzen hasiko gara. Eta elkarrekin 20 guraso egoteak bi elementu oso aberasgarri ditu, batetik tailerraren beraren edukia eta bestetik beste familien esperientziak: 20 guraso elkartzean batzuek besteei erakutsi diezaiokeguna, ia ia, tailerrak berak erakusten duena bera bezain inportantea da.