Albiste artean bizi garenok badugu neurria galtzeko halako joera bat. Iristen zaigu zerbaiten berri eta hura aztertu eta eskaintzeko bitarte horretan ikuspegia galtzeko arriskua izaten dugu galanta.
Berdin dio ze motatako albistea den. Maiz, atzerritik iristen diren gerra kontuak dira: batek ez daki irudi "itsusi" batzuk noiz eskaini behar diren edota noiz gordinkerian ez aritzeko, ezkutatu egin behar diren.
Gauza bera gertatzeko arriskua dago eguraldiarekin. Euskal Herrian badugu eguraldiaren berriei begiak zabal zabal eginda kasu egiteko joera. Aintzinatik datorren zerbait inondik ere. Izango zuten gure arbasoek eguraldiarekiko halako menpekotasunen bat edo. Haren araberako erabakiak hartzeko premia seguru asko eta horregatik, gaur egun ere gainerako berrien gainetik dago eguraldiaren inguruko informazioa. Bai behintzat ikuslearen interes podiumean.
Eta horren harira, irudipena daukat aurreko urtetan ez ote diogun berez zeukan garrantzitik haruntzagoko pisu eta neurria eman eurite bati, edo elurra egin izanari. Jaun andreok, neguak hori du berarekin: hotz egiten duela, euria dakarrela gurean eta elurra ere bai, zenbaitetan.
Azken bi hotzaldiak ordea apartak zian dira: iragarritakoak baino zorrotzagoak. Hotz, oso hotz egingo zuela lau haizetara (haize hotzetara) zabaldu genuen eta motz geratu gara. Eta ondo dago hori: eguraldia oraindik erabat menderatzen ez dugunaren seinale baita. Hala jarrai dezala, gizakiak hori ere kontrolatzen duen egunean gureak egingo duelako. Ibili epeletik.