Aste bete falta da olinpiadan murgiltzeko

Txintxarri Aldizkaria 2012ko otsailaren 10a

Aste bete geratzen da Inauteriei hasiera emateko. Milaka mozorro desberdin ikusiko dira Inauterietako lau egunetan zehar. Izan ere, Tolosaren antzera, Lasarte-Oriak ere Ostegun Gizen egunean emango dio hasiera jai giroari. Olinpiadak izango dira gai nagusia, baina Euskal Inauteriek ere izango dute bere tokia.

Inauteriak ate joka ditugu. Mozorroak prestatzeko egun gutxi geratzen dira. Aurten lau egunez izango da, gainera, gure herria Inauterietako giroan.

Musika eskola lehena

Ostegun Gizenean, musikarekin emango zaie hasiera 2012 urteko Inauteriei.
Musika Eskolako ikasleek kontzertu bufoa eskainiko dute Manuel Lekuona Kultur-etxean, 19:00etatik aurrera.
Musika Eskolako ordezkariek azaldu digutenez, Txoko2 taldeko txikiek parte hartuko dute emanaldi honetan.
Hauetaz gain, trikitilari, flauta, gitarra, abesbatza eta musika hizkuntzako ikasleak ere izango dira Manuel Lekuonako areto nagusian.

Ikastetxeak

Ostiralean, berriz, herriko ikastetxeen txanda izango da eta astebururako motorrak berotzen hasiko dira etxeko txikiak.
Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko gazteek Sasoeta eraikineko patioan olinpiada-festa izango dute eta ondoren txokolate jana.
Landaberri ikastolan Zubietako eraikinean ere Joko Olinpikoetako pertsonaiak izango dira nagusi.
Garaikoetxean, berriz, Euskal Inauteriko pertsonaiak dantzan egingo dute patioan eta Miel Otxin erreko dute.

Inaugurazio ekitaldia

Olinpiaden izpiritua eta nazioarteko kirolariak iritsiko dira larunbatean Lasarte-Oriara. Korrikalariak, igerilariak, epaileak, txirrindulariak, maskotak... mozorro ugari izango da gure herriko kaleetan.
Goizeko 11:30etan hasiko da jaia, Amalur trikiti eta Pandero eskolakoen eskutik.
Joko olinpikoen irekiera ekitaldia 12:00etan burutuko da Okendo plazan.
Une horretan olinpiar zuzia piztuko da eta hau herriko hainbat tabernetatik igaroko da Inauterietako sua hedatuz: Artizar, Dakara, Ilargi, Sancho, Andatza, Kantoi, Galicia, Buenetxea, Abend, Yolanda, Insausti, Avenida eta Okendon jarriko den karpatik pasatuko da.
Zuzia 12:30ak aldera iritsiko da berriro Okendo plazara eta orduan Zumetarrak eta Zakilibeltz taldeek inaugurazio ekitaldi honetarako bereziki prestatutako ikuskizunak eskainiko dituzte.
Aldi berean, Tapeo Olinpikoari emango zaio hasiera herriko tabernatan. Ibilaldia Gauerdi txarangaren laguntzaz egingo da.

Herri kirolak

Baina ez da guztia gozamena izango, herriko gazteek izerditzeko aukera izango dute, herri kirolekin.
Gazte Kluba, Kuadrilategi eta Kale Hezitzaileen taldeko antolatzaileek jakin arazi digutenez, “bost kidetako taldeak osatu beharko dituzte gazteek”. Egunean bertan izena emango ahal dela ere azpimarratu dute.
Kirola egin edo gure herrian hain ohikoa den edalontzi-altxaketa egin ostean, 14:30ean bazkaltzeko ordua izango da. Horretarako, Udalak Okendon karpa jarriko du, baina norberak bere janaria eraman beharko du.

Kalejira eta olinpiada

Arratsaldean, Okendo plazatik aterako den desfile erraldoia egingo da.
Herriko kaleetatik barrena ibiliko da. Joko olinpikoetan oinarritutako jantziak, zein beste eratako mozorroak ikusiko dira honetan, baita dantza erakusketak ere.
Arratsaldeko 19:00ak aldera iritsiko dira berriro ere Okendora eta bi ekintza desberdin izango dira bertan. Batetik, dantzan jarraitu nahi dutenentzat, ABIBA disko jaia, eta, beste ere bateko giroa nahi dutenentzat Amalur eskolak girotutako erromeria.
Bestetik Akelarre Gazte kolektiboko gazteek olinpiada herrikoiak antolatuko dituzte.
Eta gauean beste saio bat eskainiko du “ABIBA disko jaiak”. Goizeko ordu txikietara arte arituko da Okendoko karpan.

Suarekin amaitu

Eta Inauteriak urteurren batekin amaituko dira. Hain zuzen ere, Euskal Inauterien konpartsak 30. urte ospatuko baititu igandean.
Ohikoa den bezala, eguerdi eta arratsaldean egingo dute dantza herrian zehar eta 19:30ean Ilargi taberna parean, Lantz-eko Miel Otxin pertsonaia erreko dute Inauteriei amaiera emanez.