Bakarkakoa
LOKEko zortzi gimnasta izango dira bertan maila eta modalitate ezberdinetan lehiatzen. Lau izango dira bakarkako lana egingo dutenak, Garazi Gomez, Aizpea Arroyo, Ane Ayestaran eta Ariadne Aguado.
Garazi Gomez nagusien mailan lehiatuko da eta borrekin egingo du lan. Uztaiarekin duten trebetasuna erakutsi beharko dute, aldiz, Aizpea eta Anek jubeniletan eta Ariadne kadete mailan.
Maite Rueda LOKEko entrenatzaile taldeko arduradunak azpimarratu digunez, "Garazi Gomezek zail izango du aurten. Nagusien mailara igo da eta iaz A taldean txapeldun izanagatik, onenen taldean izango da."
Garazi Gomez-ez gain, Aizpea Arroyok aukerak izan ahal dituela aurreratu digu entrenatzaileak, "iaz fin ibili zen eta gogor egin du lan hilabete hauetan".
Bikote eta taldea
Hauetaz gain, bikote eta taldeko txapelketak ere izango dira.
Bikotekako txapelketan Ainara Apezteguia eta Maria Millan izango dira kadete mailako lehian.
Maite Ruedak azaldu digunez, "aurten ezarri duten maila berria da. Honetan, bi gimnastek bat bezala egiten dute lan. Honela, Ainarak asteburu honetako saioan parte hartuko du uztai lana eginez eta Mariak bigarren fasean, martxoaren 25ean, borrekin. Bakoitzak tresna bat egingo du eta bien puntuak batuko dituzte."
Honek tresnen erabileraren ikaskuntzan erraztasunak ematen diela aitortu du entrenatzaileak, "era honetara, aurten tresna bat menderatuko dute eta hurrengo urtean, beste batekin hasi gaitezke lanean".
Era berean, kadete mailako taldea Bergarara joango da. Honetan Ariadne Aguado, Ainara Apezteguia, Maria Millan, Ane Loiarte, Ane Ayestaran eta Alazne Gonzalezek osatutako taldeak bi lan desberdin egin beharko ditu, uztai eta pilotekin.
Udaberri Saria
LOKEko txikiak, berriz, hurrengo hilabetean hasiko dira lehian. Udaberriko sarian izango da eta bertan hiru talde izango dira.